
70. hamarkada ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak. Gaur hasi eta zapatura bitartean, emanaldi bat, kontzertua eta mahai ingurua egongo dira.
Jon Granderen laburmetrai bategaz hasiko dira jardunaldiok gaur, 19:30ean, Azkue aretoan. 1972ko irailaren 2an Lekeitioko Goiko Kalean izandako gertakizunen gaineko testigantzak jaso zituen Grandek film labur batean, eta 28 minutuko erreportaje hori ikusteko aukera egongo da doainik.
Bide Ertzean
Jardunaldien hurrengo parada barikuan izango da. Bide Ertzean taldeak
77 izeneko disko berria aurkeztuko du Ikusgarri Aretoan. Izenburuak aditzera ematen duen moduan, 70eko hamarkadan ipini du begipuntua Tolosako taldeak. Karlos Aranzegi eta Ima eta Joni Ubedak trantsizio garaiari begira egindako hausnarketak bildu dituzte 9. disko horretan. Ubeda anaien osaba Sebasen erailketatik abiatu dira.
Askatasuna, maitasuna, berdintasuna bizi eta gozatu nahi duen gazteria, feminismoa eta ekologismoaren agerpena, ikastolen loraldia, eta sindikatuen bilakaera hartu ditu taldeak gaitzat besteak beste, eta musikari dagokionez,
77, aspaldian egin duten disko gordinena dela diote: «Elektrikoena, zuzenena eta ezberdinena».
Kontzerturako sarrerak kultur etxean jarri dituzte eskura 5 euroren truke. Kontzertua 22:30ean hasiko da.
Zapatuan izango da jardunaldietako azken ekimena. 19:30etan, Barandiaran aretoan, 70. hamarkadako euskal musika entzun eta solasaldian aritzeko aukera egongo da Morau eta Elepunto DJekin