
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra “heriotz zigorrera kondenatu” dutela salatu du Etxerat elkarteak. Elkartearen iritzi, “bizitza arrisku erreala duen paziente bat da”. “Une honetan, pairatzen duen gaitzaren larritasuna kontuan harturik, dagoen lekuan egonik eta inguruarekiko garatu duen nahasmena haintzakotzat harturik, bere inguru afektibo zein familiarrean egoteak bakarrik arindu dezake gaixotasunaren zama”.
Egoera horrek guztiak sufrimendua besterik ez du ekarri. Angelita Burgoa presoaren amaren hitzetan egoera oso kezgarria da
Gaixotasuna arintzeko modu bakarra “bere konfiantzazko lagun eta senideak babestu eta zaintzea” beharrezkoa den arren, gaur egun, preso ondarrutarra Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelako erizaindegian bakartua dute, gainera. Horrek guztiak sufrimendua besterik ez du ekarri. Angelita Burgoa presoaren amaren hitzetan egoera “oso kezkagarria” da: “Atsekabetuta gaude. Ez dugu itxaropenik. Ziria sartu digutela uste dugu. Nik neu behintzat Ibon espetxean hilko denaren beldur naiz. Bakarrik eta beste kideen laguntzarik gabe, inor gabe”.
Neurologikoki eragiten dion 3C estadioko hies gaitza du preso ondarrutarrak. Izan ere, gaitzak berak eraginda, leukopatia eragiten dion ondorio neurologikoak ditu, krisi konbultsiboak eta hiesaren dementzia koadro bat sortuz. Eragin horren ondorioz, psikosi motako jarrera oldarkorraren nahasmena nagusitu dira berarengan, bere baitako errealitatearen interpretazio eta fabulazio paranoikoek bere inguruarekiko harremanetan gatazken arriskua areagotuz. Nahasmen mota horrek okerrera egiteko arrisku erreala dutela esan dute Iparragirreren konfidantzazko medikuek. “Gaitz inmunologikoa oso larria izanik ere, afekzio neurologikoaren ondorioak ere oso larriak dira, egoera, giro eta inguru horretan jarraituz gero”, gaineratu dute Etxerateko kideek.
Gaixotasunaren ondorioz, gainera, ikusmen arazoak ditu Iparragirrek. Orain arte, ez du tratamendu egokirik jaso eta ezin du ikusmen ariketarik egin.

Era berean, Ibon Iparragirreri ahalik eta babes handiena emateko, hainbat herritarrek
elkartasun martxa egin zuten zapatuan.
03:00etan irten zuen Ondarroatik Navalcarneroko (Madril, Espainia) espetxerantz autobusak, 25 lagun zeramatzala. 09:00ak inguruan ailegatu ziren espetxe inguruetara ondarrutarrak. Espetxe kanpoan Madril eta inguruetako beste dozena bat lagunek egin zuten bat elkartasun martxagaz.
Heldu eta lehenengo gauza, senideen aurrez aurreko bisita izan zen. «Hiru anai-arrebok bisita eduki genuen Ibonegaz. Astean izan zuen albiste txarraren ostean, nahikoa ondo topatu genuen. Bere osasun egoera nahikoa egonkorra dela esan genezake» adierazi zuen presoaren anai Jon Kirru Iparragirrek.
Aurrez aurreko bisita egin eta gero hasi zen elkartasun martxa. «Batez ere, bisita ostean egin nahi genuen martxa, badaezpada».
Tentsio uneak. Ordu bete inguruko elkarretaratzea egin zuten espetxearen aurrean, inongo arazorik barik. Iparragirreri babesa emateko aldarriak behin eta berriz errepikatu zituzten kartzelaren kanpoko aldetik. Era berean, kartzela barrutik ere babes oihuak egin zirela esan dute han egon zirenek.
Martxa amaitzen ari zirela, baina, guardia zibilak elkarretaratzean parte hartzen ari zirenengana joan ziren, eta elkarretaratzea baimendu barikoa zela esan zieten, eta desegiteko agindua eman.
Nortasun agiriak ere eskatu zizkieten. «Banan-banaka identifikatu egin nahi gintuzten», gaineratu du Iparragirrek. Momentu horretan, tentsio uneak bizi izan ziren kartzela kanpoan. Elkartasun martxan batutakoen artean Unai Urruzuno Urresti legebiltzarkide ondarrutarra zegoen, eta hark eman zuen bere nortasun agiria. Gauzak horrela, egoera baretu egin zen.
Espetxe eremutik irtetzerakoan, beste alde batetik, Guardia Zibilaren kontrola aurkitu zuten.