Estatu frantsesak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Xabier Aranburu preso politiko ondarrutarrari

Ondarrutarrari ETAko kide izatea leporatu diote eta sei urteko espetxe zigorra ezarri diote. Horrez gain, zigorra bete eta gero Estatu frantsesetik kanporatuak izateko agindu du epaileak eta 1.500 euroko isuna ezarri die ustez 2011 lapurtutako auto baten jabeari ordainetan.
2012ko maiatzaren 27an atxilotu zuten ondarrutarra, Oroitz Gurrutxagarekin zegoela; hasiera baten identifikatzeko eskatu zieten eta ostean atxilotu egin zituzten. Biei ETAko kide izatea egotzi zieten hasieratik. Atxiloketa Cauna herrian gertatu zen, 15:30 aldera. Atxiloketa salatzeko Ondarroan informazio batzarra deitu zuten eta 250 lagun inguru batu ziren. 2012ko ekainean Fleuryko kartzelara (Paris, Frantzia) eroan zuten. 2013ko martxoan Aranburu Frantziako Muret Seysses espetxeko zigor ziegan “larri” zegoela salatu zuten senideek. Orduan, presoaren egoera “infernua” bezalakoa zela azaldu zuten. Egoera “larrian” zegoela gaineratu zuen haren lagunak; bisitara bertara oinetakorik gabe, eta eskuburdinekin lotuta eraman zutela salatu zuen. Egun batzuk beranduago, Aranburuk isolamendu ziegan jarraitzen zuela baina haren egoera “hobea” zela esan zuten senideek; 60 lagun eta senide joan ziren Ondarroatik Frantziako Muret Seysses espetxera hango arduradunekin hitz egin eta azalpenak eskatzera. Urte bereko apirilean Frantziako Muret Tolouse kartzelatik Lyon-Cobarseko Maison d’ Arret kartzelara eroan zuten, Euskal Herritik 900 kilometrora. Espetxe aldaketa tarteko, hiru egunean, senideek ez dute jakin non zeukaten. 2013ko uztailean Aranburuk osasun arazoak eduki zituen eta ospitalean probak egin ahal izateko zailtasunak izan zituen. Ondarrutarrak hiru hilabete zeramatzan ezkerreko besoko minagaz, eta Lyon Corbas kartzelako medikuaren arabera, eta beste aukera batzuk baztertu barik, posible zen bihotzeko arazoren bat edukitzea. Gaitzaren nondik norakoa jakiteko ekografia-kardiobaskular probak egin behar zitzaizkiola essan zuten. Frogak ez zizkietenez egiten, Ondarroan gutun bidalketa masibo bat jarri zuten abian. Kanpaina horrekin batera, Lyon Corbas espetxeko presoen egoera salatu zuten Ondarroan. Eta elkartasun martxa antolatu zuten. Orduan, hiru ondarrutar atxilotu zituzten. 2013ko urrian Aranburuk “funtzionarioen jipoi gogorra jasan” zuela salatu zuen Etxeratek; Urko Labaka preso donostiarrak ere jaso zuela salatu zuten. Gertakariak urriaren 10ean gertatu ziren. Etxeraten esanetan, “Lyon Corbasen aspaldian dabiltza presoen eskubideak aldarrikatzen”. Horrela, astean behin, jolastokian elkarretaratzea egin zuten. “Irailean, adibidez, espetxean egin zitzaketen aktibitateetan parte-hartzea galarazi zieten”, gaineratu zuen Etxeratek.