
Marierrota Boleibol Taldea. Argazkilaria: Aitor Txopitea
Martxan dago jada 2014-2015 denboraldiko Marierrota. Santi Brouard herri kiroldegian aurkeztu zituzten, joan den asteburuan, aurten izango dituen bost taldeak: txikien mailako bi, kadete mailakoa, gazteena eta nagusiena. Estrenaldirako partidu ezberdinak antolatu zituzten Marierrota Boleibol taldeko arduradunek Sestaoko eta Getxoko taldeekin, eta benetan boleiboleko giro ederra egon zela azpimarratu dute.
Joko erakustaldiagaz gainera, taldeen aurkezpen argazkiak atera eta joan den denboraldi amaieran Granollersera egindako irteera ordaindu ahal izateko antolatu duten zozketaren zenbakiak ere zotz egin zituzten.
Talde guztiek egin zuten denboraldi amaierako bidaia. Granollerseko udako txapelketa aukeratu zuten ikasturte luze eta oparoari agur esateko. Emaitza onak, giro ezin hobea eta Herrialde Katalanak ezagutzeko aitzaki ederra izan zuten.

Zozketako zenbaki saritua. Argazkilaria: Aitor Txopitea
2.167 eta 2.240 izan dira zozketako lehen eta bigarren sariak hurrenez hurren, eta zortedunek azaroaren 4ra arte edukiko dute epea zenbaki saridunak aurkezteko.
Denboraldi berria
Granollerseko udako boleibol txapelketagaz eman zioten amaiera iazko denboraldiari Marierrota Boleibol Taldekoek, eta ilusio berrituekin hasiko dira. Asteburu honetan dute taldeko nagusiek lehenengo hitzordua. Bizkaiko Kopa jokatuko dute Sestaon zapatuan. Aixerrota eta Madre Dios izango dituzte aurkari, Benedicta kiroldegian 17:30ean eta 18:30ean izango dituzten partiduetan.
Euskal Ligan arituko dira aurten ere Marierrotako nagusiak, eta lehenengo postuetan geratzeko ahalegina egingo dute. A mailan jarri dute begirada, eta partiduz partidu, emaitza onak lortuta, bertarako bidea hartu nahi dute zuzen-zuzen.

Marierrotako nagusien taldea. Argazkilaria: Aitor Txopitea
Beste maila guztiak, berriz, Bizkaiko Ligan ibiliko dira. Otsailean, baina, hitzordu garrantzitsu bat izango dute: Euskadiko Txapelketa. Aste bakoitzean maila bat arituko da jokoan, eta irabaziz gero, Espainiako txapelketara joateko aukera izango dute.
Bizkaiko eskolarteko liga eta Euskal Liga amaitutakoan, apirilaren amaieran, kantxak utzi eta hondartzara aterako dira Marierrotako jokalariak. Bizkaiko eta Euskadiko hondartzako boleibol txapelketak jokatuko dituzte, eta emaitzak lagunduz gero, Espainiar estatuko lehiaketa jokatzeko aukera izango dute taldeek.
Marierrotakoek, orain arte, Karraspioko hondartza izan dute beti hondartzako boleibol partiduak jokatzeko zelaia. Baina, iazko denboraleen ondorioz Karraspio apurtuta geratu zen, eta beraz, hondartza txikian jokatu zituzten denboraldiko partida guztiak. Zelai berria, gustura hartu zuen taldeak, eta ondo egokitu ziren bertara. Beraz, aurten, ez dakite zein izango den Marierrotaren zelaia. «Garaia ailegatzen denean erabakiko dugu», azaldu dute.
Nesken taldeez gain, mutilena ere jokoan arituko da denboraldi berrian. Errotako jokalariak Euskal Ligan izango dira Getxo taldeagaz.
Talde handia
Iaz Granollersera egin zuten modura, aurten ere denboraldi amaierarako bidaia prestatuko dute. Elx-era (Valentziako Erkidegoa) edo Portugalera joatea aztertzen dabiltza. «Talde guztia joaten gara, lagunarteko giroan ibili, kirola egin eta lagun berriak egiten ditugu», diote. Nazioarteko irteerak ere egin dituzte Andorrara eta Austriara esate baterako, baina, momentuan, aurrekontu murritza dutela eta, hurreago ibiliko dira.

Marierrota Boleibol Taldeak Granollersera (Herrialde Katalanak) egindako bidaia. Argazkilaria: Aitor Txopitea
Guztira, 66 kirolari, hiru entrenatzaile eta hainbat guraso arituko dira taldearen kudeaketa-lanetan. Aitor Zarragoitia, Unai Garramiola eta Aitor Txopitea izango dira aurten ere taldearen gidariak.
Betiko modura, Marierrotaren izaerari eutsiko diote taldea osatzen duten guztien artean: boleibola herrian eta eskualdean zabaltzeko asmoz lanean jarraituko dute, beti ere kirola egiteagaz batera, pertsonak hezitzea eta lagun berriak ezagutzea helburu izanik.