
Aitzol Etxabururen senideak asteroko bisitarik gabe geratu direla nabarmendu dute gaur [urriak 10] eguerdian. “Gorputz osoko miaketa egin behar zigutela esan digute, eta uko egin diogu. Horrenbestez, ez digute Aitzol ikusten utzi. Ondarroara bueltan gatoz”.
Astelehenean, 10:00etan, Madrilen epaituko dute Aitzol Etxaburu Artetxe preso politiko ondarrutarra. Horrela ziurtatu zien Etxabururen senideei atzo [urriak 9] iluntzean presoaren abokatuak. “Azken momentura arte itxaron dute”, adierazi dute senideek.
Espainiako Auzitegi Nazionalak bi euroagindu eskari dauzka eginak Etxabururen kontra Madrilen epaitzeko, ETArekiko lotura eta atentatu batzuk burutu izana egotzita, eta euroagindu horietako baten inguruko deklarazioa egin zuen preso ondarrutarrak irailaren 4an. Beranduen jota, urriaren 15erako Fleury Merogis-eko (Frantzia) kartzelan bueltan egon beharko luke Etxaburuk.
Senideek ez dakite ziur asteleheneko epaiketaren ostean Frantziara eramango duten edo zer erabaki hartuko duten. “Guk Frantziara eramango dutela espero dugu, baina hori ezin da sekula ere jakin. Berez hilaren 15erako Frantzian egoteko exijitzen ari dira”.

Etxabururen
arrebak gauza zehatzik ez dakiela esan du: “Abokatuaren berarekin epaiketa hasi aurretik geratu gara. Baina, antza denez hiru urteko kartzela zigorra eskatzen diote Aitzoli. Horrez gain, Ibon Iparragirre herritarrari ere eskaera berdina egiten diote. Hark aurretik ere, beste hiru urte kartzelan eginak ditu. Gerokoan eginda dute hau epaiketa hau. Ez dakigu beste ezer. Ibon Iparragirre ere ziuraski deklaratzera eraman beharko dutela ere esan digute. Bideokonferentziaz edo bertara eramango duten ez dakigu. Berez, Iboni aurretik epaitu zuten eta”.
Astelehenean 02:30ean Ondarroatik autobusak irtengo du Madrilera Etxabururi babesa emateko. Zaldupetik irtengo du autobusak; Kulixka eta Anaitasuna tabernetan eman daiteke izena.
Senideekin asteburuero izan du bisita Etxaburuk. Ondo topa dute senideek eta epaiketara begira ere ondo topatzen dutela diote senideek. “Berak ez zekien epaiketa egingo zietenik ere. Denbora agortzen ari zen eta”.