Udalak eta elkarteak konpromiso hori hartu dute. Lankidetza hitzarmena Imanol Mugartegi alkateak eta Txema Abarrategi
Garabideko koordinatzaileak irudikatu dute.
Berriatuarekin, 7 dira (Zarautz, Ondarroa, Usurbil, Orio, Oiartzun, Otxandio eta Berriatua) Garabiderekin
hizkuntza lankidetza hitzarmena sinatu duten
UEMAko udalerriak.

Imanol Mugartegi Berriatuko alkatea eta Txema Abarrategi Garabideko koordinatzailea, hitzarmena sinatzen.
Imanol Mugartegi Berriatuko elkarteak esan duenez, elkarteak lan “interesgarria” egiten duela jakitun izanda, laguntza ematea erabaki zuten. Udalaren egoeraren araberako ekarpena egin dutela azaldu du, eta gogoratu du, horrelako laguntza “txikiekin” asko egin daitekeela.
Era berean, Garabideren jarduna nabarmendu du Mugartegik, eta zeregin horretan jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: “lan honetan dabiltzanengatik izan ez balitz, desagertzear dauden hizkuntzak behin betiko desagertuko lirateke”.
Kooperazio era berria egiten duen elkartea da Garabide; esperientzien elkarbanaketan oinarrituriko lankidetzak bultzatzen ditu. “Kooperazioa laguntza asistentziala izan ez dadin, herri batek ez du galdetu behar bakarrik zenbat diru daukan emateko, baizik eta beste hau: ze esperientzia daukan herri gabetuekin konpartitzeko. Hortik sortzen da kooperaziorik duinena eta aberatsena”, diote Garabidekoek.
Halaber, Euskal Herriak bere nortasunaren bizi-ahalegina eta horretarako garabideen
esperientzia daukala partekatzeko diote. “Hori herri gabetuekin partekatzen asmatzea berebiziko ekarpena izan liteke kontinente guztietan garapenerako lankidetzaren arloan”.
Garabiderentzat alor horretan diharduten udalerriak bidelagun izan nahi ditu. Garabide Elkarteak ateak zabaldu nahi dizkie gutxietsitako hizkuntzaren errekuperaziorako eta tokian tokiko herriaren identitateari eusteko hainbeste lan egin duten eta egiten ari diren guztiei, “Euskal Herrian eta munduko edozein herritan”.