Lea-Artibaiko ganadu, ortuari eta produktu hoberenak izan zituzten eskura azokazaleek eta estimu handiagaz hartu zituzten.
Urtero modura, eguerdian batu zen jende gehien. Udaletxe osteko aparkalekuko animali ederrak mirestu, eta Zelaiaren inguruko postuetan ikusmin handiz ibili ziren azokazaleak. 58 posturen artean, denetarik aurkitu zuten. Barazkiak, frutak, gazta, ogi eta gozoak, baserriko hamburger-ak, kontserbak, txerrikiak, ahatekiak eta eztia alde batetik, eta artisautza eta elkarteek egindako lanak bestetik. Artisauen lana bertatik bertara ikusteko aukera ere egon zen; Egurrezko altzariak zizelkatzen eta otarrak egiten aritu ziren-eta artisauak bertan azokan. Izarbidean elkarteko eta Plazakola egoitzako neska-mutilek egindako lanak ere harrera ona izan zuten.

Postuak dotore-dotore jantzi zituzten ekoizleek azokarako, baina, aurtengo mahai onenaren saria, Alejandro Arrieta
Xemeingain markina-xemeindarrarentzat izan da.
Blonda lehiaketa
Beste markina-xemeindar batek ere sari handiak lortu zituen zapatuan.
Ismael Arriolaren ganadutegia aukeratu zuen Bizkaiko Blonda Lehiaketako epaimahaiak Bizkaiko hoberena bai eta bere behi bat ere. 3 urtetik 5 erainoko emeen sailean(umatuak txahalagaz) eta inseminazioan ere saritu zuten behia. Hirugarren sari nagusia, berriz, ar onenarena, Arrietako Iturbe anaientzat izan zen. Txapelketako ia sail guztietan eraman zuten saria Arriolaren animaliek. Gustoko beharrak ez duela nekatzen eta aurrera jarraituko dutela adierazi zuen sari banaketan, «pozik», Angel Arriolak.
Guztira, Bizkaiko lau ganadu jabek hartu zuten parte Bizkaiko X. Blonda Lehiaketan: Markina-Xemeingo Ismael Arriolak, Arrietako Iturbe anaiek, Elorrioko Joseba Valentin Beitiak eta Muxikako Itziar Uruburuk. Bizkaiko ganadutegiak erakusten dabiltzan maila handia, eta inseminazioa ematen ari den emaitza onak azpimarratu zituzten epaimahaikoek zapatuko txapelketan. «Lehiaketako bederatzi txapeldunetatik sei dira inseminaziokoak», adierazi zuten.

Markina-Xemein, Etxebarria eta Ispasterko alkateek Juanjo Txurrukak, Jesus Iriondok eta Jesus Lekerikabeaskoak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza saileko zuzendari nagusiak, Ikerne Zuluagak, banatu zituzten sariak.
Girorik ez zen falta izan azoka guneetan. Bertsolariek eta trikitilarien kalejirak alaitu zuten goiz partea eta eguerdian euria egin zuen arren, mokadutxoa hartzeko aprobetxatu zuten unea bisitariek.
Azoka eguna zela eta txerrikume baten zozketa egin zuten Markina-Xemeingo Ernaikoek. Zenbaki saritua 812 izan da, eta ordezkoa, berriz, 662 zenbakia, Hamabost eguneko epea izango dute zortedunek txartel saritua aurkezteko. Horretarako ernaimxg@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute.
Zesta-punta Zirkuitua
Urriko Azoka Nagusiko arratsaldean jokatu ziren Bizkaiko Zesta-Punta Zirkuituko finalak. Hiru kiniela ziren jokatzekoak, baina, hirugarrena hasi bezain laster, orkatila okertu zuen Lekue pilotariak, eta beraz, kiniela barik, partidua izan zen azkenengoa.
Gazte mailan, Mandiola eta Manzisidor geratu ziren garaile tantu bakarreko aldeagaz. Gotzon eta Unax-ek egin zuten bigarren, kinieletan. Bigarren mailan, berriz, Gandiaga eta Txomin izan ziren nagusi, eta Bidaburu eta Ibarluzea bigarren. Azkenik,
lehen mailako txapela Antxon eta Gandiagarentzat izan zen, Felix eta Gaizkari 30 eta 24 irabazi ostean.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=203]