Mutrikuko
Pentsatu, informatu eta erabaki hondakinen bilketa sistema aukeratzeko partaidetza prozesuak aurrera jarraitzen du. Gipuzkoako eredu desberdinak ezagutu eta haien azterketa egiteko gonbitea egin nahi die herritarrei Mutrikuko Udalak. “Sistema bakoitzari ze alde positibo eta negatibo ikusten dizkiegu? Eta ze hartu dezakegu beste herrietako esperientzietatik Mutrikurako?”, horiek herritarrei luzatuko zaizkien galderak hurrengo egunetan.
Bihar eta etzi egingo dira herri batzarrak. Bihar [urriak14] 18:30ean, herritar guztiei irekia izango den batzarra egongo da Zabiel Kultur etxean, eta etzi [urriak 15], sortzaile bereziekin bilera egingo da Zabiel etxean, 15:00etan. Udalararen iritziz: “azaroaren 30eko herri galdeketara ahalik eta informazio gehien banatuta, eta eztabaida ahalik eta mamitsuenak eginda, zuen ikuspuntua jasotzea ezinbestekoa delakoan gaude”.
Orain arte
bi saio informatibo egin dira. Udala pozik agertu da lehenengo saioek izan duten ongi-etorriarekin: “Lehenengo urrats batean, gaur egun, Mutrikun hondakinen egoera nola dagoen ezagutu eta eztabaidatzeko aukera izan genuen. 90 lagun elkartu ginen bilera irekian eta zazpi lagun hondakin sortzile bereziekin egindako saioan”.
Era berean, aurreko martitzenean Gipuzkoan hondakinak biltzeko eredu desberdinak ezagutu ziren mahainguruan. Usurbilgo Ibon Goikoetxeak atez ateko sistemak nola funtzionatzen zuen azadu zuen, Orioko Amaia Usandizagak edukiontzi marroiaren ezarpenarekin egindako aldaketak aurkeztu zituen, Oxel Erostarbe Elgetako alkateak bertako edukiontzi komunitario bidezko ereduaren ezaugarriak azaldu zituen eta azkenik, Urola Erdiko Mankomunitateko Orkatz Goenaga teknikariak Azkotia eta Zestoako eredu mistoak aurkeztu zituen. Mahainguruan batutako 60 lagunek galdera eta argibideentzako tartea izan zuten.