
Nahia Quincoces mendexarrak eta Aitor Osa itziartarrak lortu dute Anbotoko VII. kilometro bertikaleko podioa.
Mendexako kirolariak 52 minutu eta 22 segundo behar izan ditu Arrazolako elizatik Anbotoko tontorrera oioneko bide laburrenetik igotzeko. “Sekulako ilusioa egiten didan garaipena izan da. Izan ere, proba honetan parte hartzen dudan hirugarren aldia izan da”, nabarmendu du Quincocesek.
Euriak lokaztutako bidea izan da aurtengo Anboto Kilometro Bertikalaren protagonista. Mendian basa bazegoen ere, “ondo” ibili zela azpimarratu du Nahia Quincocesek: “Indartsu sentitu nintzen probako egunean bertan. Ondo topatu nuen neure burua, gogotsu. Hankak ere ondo. Pozik sentitu nintzen eginiko beharragaz. Irabazi ez banuen ere, behar ona egin nuen. Neure onena eman nuen”.
3,8 kilometroko ibilbidea bete behar dute korrikalariek Anbotoko proban, eta horrez gain, 1092 metroko igoera bete behar dute. Quincocesen iritziz, gainera, Anbotokoa lasterketa berezia da. “Banan-banan irtetzen dugu irteeratik. Batetik bestera 20 segunduko tarteko aldeagaz irtetzen dugu. Beste neskengandik nahiko bananduta irten nuen, orduan ba, ez nuen beste inorekiko erreferentzia errealik. Erreferentzia falta hori zailagoa izaten da neurtzea. Aurreko urteetako erreferentziak ez dakizu balioko dizuten edo ez. Baina, ondo irten zuela ematen du. Behera heldu arte, ez nuen jakin irabazi nuenik ere. Behera ailegatu nintzenean amak esan zidan irabazi nuela. Sekulako berria izan zen”.