Asiako liztorren kabia bat agertu da Aulestiko Basabesoloeta atzeko sagarrondoetan
Kabia ikusi bezain pronto, herritarrek Jose Luis Jaio Aulestiko udaltzainari deitu zioten. Eta hark, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. «Bat-batean Ertzaintzatik deitu zidaten, bai eta suhiltzaileetatik ere», azaldu du Jaiok. Ertzainak eta suhiltzaileak kabia zegoen lekura gerturatu ziren, Jaiok lagunduta. «Kabia sagarrondo artean dago, goian, eta suhiltzaileek ezingo zutela kendu esan zuten». Izan ere, asiako liztorren kabia kentzeko, kabia osoa saku baten sartu behar izaten dute suhiltzaileek. «Sakua kabiaren goitik botatzen dute baina kasu honetan kabia oso goian dago eta heltzeko ere ez dago erraz. Beraz, tiroz apurtuko dute». Tiroen teknika. Tiroak sumatu orduko, liztorrek kabiatik ihes egiten dutela argitu du Jaiok. «Baina ihes egin eta gero, berriro ere multzoan biltzen dira eta orduan berriro tiroak botatzen dira. Batzuk ihes egingo dute, logikoa den moduan, baina beste asko hil egiten dira». Aldundikoek udaltzainari jakin eragin diotenez, gaur gauean [urriak 14] edo bihar kenduko dute.
Ez da lehen aldia Aldundikoek tiroz asiako liztorren kabia apurtzen dutena. Izan ere, beste behin ere egin zuten. Orduan, baina, herritarrei ez zieten inolako abisurik eman. «23:00ak inguruan tiro hotsak entzun zituzten herritarrek, eta izutu egin ziren». Jaiok berak gerora jakin izan zuen tiro hots horiek asiako liztorren kabia apurtzeko bota ziztuztela. Baina Aldundikoei jakin eragin zien horrelako kasuetan abisatu egin behar dela. Horrela ba, egunotan herritarrek tiro hotsak entzuten badituzte, liztorren kabia kentzeko direla argitu du udaltzainak. Liztorren kalteak. Dena dela, herritarrek, beste horrelako zer edo zer ikusiz gero, dagokionari jakinarazi beharko diote, lehenbailehen. Kasu honetan, udaltzainari, gero harek badaki zelan jokatu eta. «Liztor horiek bertokoak hiltzen dituzte eta ondorioz, ahal bezain arinen kendu behar dira, modu batera edo bestera. Bestela, ondorioak latzak izango dira, guztiontzat», aurreratu du Jaiok.