Gaur (urriak 14) eman du erabakiaren berri Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, ia hilabete inguruz auzia aztertzen aritu ostean. Auzitegiak atal ekonomikoa itxita, hortaz, behin betiko amaitu da 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkariaren aurka hasitako prozesua.
Orduko hartan Juan del Olmo epaileak kazeta zarratzeko agindua eman zuen, ETAren eta
Egunkaria-ren artean harremana zegoela iritzita. 2010. urtean zenbait auzipetu absolbitu egin zituzten, baina
auzi ekonomikoak aurrera jarraitu zuen.

Hain zuzen, zortzi lagun zeuden auzipetuta atal ekonomikoan, tartean Joan Mari Torrealdai foruarra. Gainontzeko auzipetuak, bestalde, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu ziren. Fiskaltzak 128 urteko kartzela zigorra, eta 221 milioi euroko isuna eskatu zuen pertsona horientzat. Lurralde auzitegiak Donostiako Zigor Epaitegiaren artxibo sententzia berretsi ostean, baina,
auzipetuak libre dira. Izan ere, lurraldeko epaitegiaren erabakiari ezin dakioke errekurtsoa jarri.
Hasiera baten fiskaltza akusazio bezala aurkeztu ez arren -gerora egin zuen, Dignidad y Justicia elkartea auzitik kanpo utzi zutelako- Espainiako Fiskaltzak epaiketa egitea nahi zuen. Donostiako Auzitegiak auzia preskribituta zegoela erabaki zuen, baina fiskalak helegitea jarri zion erabakiari. Orain Lurralde Auzitegiak arrazoia eman dio Donostiako epaitegiari.