
Batez ere txikiei begirako jaia izaten dela azaldu dute antolatzaileek, baina, «mundu guztiak ondo pasatzeko giroa» egongo dela azpimarratu dute.
Urtero modura,
margo lehiaketagaz hasiko dituzte jaiak, zapatuan. Aurten XX. urtea da lehiaketa egiten dela, eta izaten duen erantzunagaz «pozik» daude antolatzaileak. 10:00etatik 13:00etara kontrol markak jarriko dituzte orrietan, eta margolanen bilketa 15:00etan izango da.
Betiko modura margo teknika librea izango da eta bakoitzak bere lana egiteko behar dituen tresnak eraman beharko ditu. Markina-Xemein eta bere inguruak margotu beharko dituzte.
Parte hartzea librea da adin guztietarako, baina hiru adin tartekoek izango dute saria: 4 urtetik 6 urtera bitartekoek, 7 urtetik 9ra bitartekoek, eta 10 eta 11 urte dituztenek. «12 eta 75 urte bitartekoek margotu nahi badu ez du edukiko saririk», zehaztu dute antolatzaileek.
Sariak Bikale tabernan emango dituzte 20:00etan, eta lan guztiak erakusgai egongo dira bertan hilabete osoan.
Jolasak
Joko zein jolasak ez dira faltako arratsaldean. Guraso elkarteak antolatzen duen Baserriko Kirol Parkea jaigaz lotuko dute, eta beraz, jolaserako aukera zabala izango dute ume eta gazteek.
Baserriarekin lotutako jolas eta kirolak amaitutakoan txokolatada eta buruhandiak egongo dira, bai eta dardo txapelketa ere. Bestalde, Zumbagaz ariketak egin eta dantza egiteko aukera ere egongo da.
Arratsaldea, gainera, musikaz lagunduta egongo da. Angel Egia berriatuarra arituko da giroa alaitzen trikitixa, organo eta kantuekin.
Txinga eroatea
Domeka goizean ere, buruhandi eta jolasak egongo dira. «Aulkien jokoa, globoena eta txinga eroatea asko gustatzen zaie txikiei», aitatu dute antolatzaileek. Hori dela eta, txinga txiki bereziak dituzte jaietarako, eta arrakasta handia izaten dutela azpimarratu dute: «Umeek gozatu egiten dute txingekin aurrera eta atzera».
EGITARAUA:
ZAPATUA
- 10:00etan. XX. Margo Lehiaketa. Gaia: Markina-Xemein eta inguruak.
- Arratsaldean. Angel Egia soinu-jotzaileak jardungo du giroa alaitzen.
- 17:00etan. Jaialdia umeentzat: Baserriko Kirol parkea, txokolatada eta buruhandiak, txingak eta aulki jokoa.
- Ondoren, VII. Dardo Txapelketa.
- 20:00etan. Margolan Lehiaketako sari banaketa.
DOMEKA
- 12:00etan. Buruhandiak
- 12:30ean. Jokoak.