
Bost urte darama patinatzen
Juan Geraldo Olmedo Talaverak (Asuncion, Paraguay 1993). Orain dela zazpi urte ailegatu zen Lekeitiora, eta Dzingua Surf Dendak antolatutako ikastaro batean igo zen lehenengoz
longboard baten gainera. Klase batzuk eman eta
longboard-aren mende geratu zen. Beraz, uda horretan
longboard ohol bat erosi zuen, eta handik sei hilabetera irristatze bat egitea lortu zuen. Orain dela hiru urte hobekuntza nabaritzen hasi eta lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen.
Zein izan zen zure lehenengo lehiaketa?
Sopelanakoa, orain dela hiru urte. Jende on asko, giro ona… familia handi bat bezalakoa zela ikusi nuen. Norgehiagoka bat da baina, aldi berean, dibertitu egiten gara. Aspaldiko lagunak ikusteko aukera ere izaten da. Lehiaketatik lehiaketara ikusten gara batzuk.
Zein da longboard-aren berezitasuna?
Longboard-a skatearen antzekoa da baina, handiagoa eta egonkorragoa da, eta gurpil handiagoak ditu.
Longboard modalitate ezberdinak daude, eta gehien egiten dena
Carving deiturikoa da, hirian zehar joan eta birak egitea da. Gero
freestyle-a dago. Modalitate horretan hodiak eta saltoak egiten dira.
Freeride ere badago: jaitsiera librea derrapeak egiten, eta
downhill izeneko modalitatea (puntu batera bizkorren joatea) ere asko egiten hasi da.
Zein modalitate praktikatzen duzu zuk?
Freestyle egiten hasi nintzen, gero freeride, eta azken aldian
downhill egiten aritu naiz. Hala ere, berriz ere
freeride egitera itzuli naiz. Lehiaketa batzuetan biak egin ditut freeride lehenengo eta
downhill gero.
Zenbat ordu entrenatu behar dira?
Hasiera batean futbolean nenbilenez gutxiago hartzen nuen ohola, baina gero, orduak sartzen hasi nintzen, eta hobetzen laguntzeko youtubeko bideoak ikusiten ditut. Besteek egiten dutena ikusi eta praktikan jartzen dut. Eguraldiak lagunduz gero astean hiru edo lau bidar entsegatzen dut.
Non entsegatzen duzu?
Hasi nintzenean Endai kanpinera igo eta bertatik jaisten ginen. Orain Gardatara joaten naiz. Bide zahar bat dago eta bertan ibiltzen naiz. Batzutan kanpora ere joaten gara Arbaiunera edo iparraldera, Bilbora, edo Kantabriara. Lagunak geratzen gara joateko.
Zenbat lehiaketatan parte hartu duzu aurten?
Lehenengoa Salzadellakoa (Castello, Herrialde Katalanak) izan zen. Euria egin zuen, hala ere, bizkorrenetako bat izan nintzen. Malagako mutil bat eta biok sikuan bezala jaitsi ginen, bizkor. Erandio, Gernika-Lumo, Bilbo, Sopela…leku askotan ibili naiz. Urte guztian egoten da lehiaketaren bat, federazioak egutegi bat jartzen du. Azaroan Sant Mateura (Castello) joango naiz.
Espainiako txapeldun geratu zara, azkenean.
Federazioan izena eman eta Espainiako probetara joaten hasi nintzen. Ezin izan naiz denetara joan, eta mirari bat izan da Espainiako txapeldun geratzea. Joaten nintzen bakoitzean lehen eta bigarren postua lortzen nuen, ahal den eta puntu gehiena lortzeko. Lehenengo hirurak puntu gehiago lortzen dituzte, eta proba gehienetan bigarren geratu naiz. Hala ere, beste
longboarder bat zegoen ni baino aurretik puntu gehiagogaz. Proba denetara joaten zen, garaipena bai edo bai bere egiteko, baina azkenean, lesionatu egin zen, eta ateak zabalik utzi zizkidan garaipenerako. Abuztuaren 31n esan zidaten Espainiako txapelketa irabazi nuela eta txantxa bat zela pentsatu nuen, lehiaketa guztietara joan ez nintzelako. Irailaren 27an proba bat egin eta titulua emango zidatela esan zidaten. Kantabriara joan nintzen, Puente de San Miguel herrira. Azkenean egindako ahalegin guztiak bere ordaina izan du.
Jende asko dabil longboard-ean?
60 pertsona egon gintezke lehiaketa batzuetan parte hartzen. Aurten Sopelanan, esate baterako, 90 pertsona egon ginen. Bosgarren geratu nintzen eta bizkorrenaren 2.saria lortu nuen. Mallorka, Bartzelona, Madril, Ingalaterra… leku guztietako jendea egoten da. Gutxi ezagutzen den kirol bat da, baina jende asko mugitzen da. Gainera, maila ona eta teknika handia daukate parte hartzaileek, ordu asko sartzen ditu jende askok.
Nazioarte mailako probaren batera joan zara?
Aurten joan nahi nuen baina diruak ez zidan ematen. Probak oso garestiak dira eta bidaiak ere bai, baina datorren urtean probatzera joan nahi dut. Kozakov-en (Txekiar Errepublika) eta Peyragudes-em (Frantzia) egiten diren nazioarteko proba garrantsitsuenetara joan nahi dut. Leku horietara joatea amets handia da, mundu mailako
longboarder onenek lehiatzen dute bertan.
Laguntzarik izan duzu?
Dzingua Surf dendakoak lagundu dit batez ere. IXI Wood-ena izan zen nire lehen ohola, baina betaurrekoak egiten hasi dira, eta beraz, Dzinguakoaren bidez Sancheski markako materiala lortu dut, bai eta Landyachtz AEBko markakoa ere. Dendakoen bidez eskuratzen dut lehiaketetan ibiltzeko beharrezkoa den material ona. Ohol hobea izateak ere asko laguntzen du-eta.
Skaterako zaletasuna badago Lekeition?
Lekeition mugimendu handia dago. Hiru lagun ginen hasieran Jata, Sapito eta hirurok. Gero, nahi zuen guztia geratzeko hitzorduak egiten hasi ginen, eta jende gehiago batzen joan zen. Azkenean, talde bat sortu genuen Komando Rampa Bako izenekoa. Taldea niretzako familia bat da, nire lagun guztiak daude-eta bertan. Ni kanpokoa naiz, orain dela zazpi urte etorri nintzen, eta asko lagundu didate. Alde ekonomikoari dagokionez ere, talde bat izanda laguntza lortzen dugu, eta Espainiako probetara edo beste leku batzutara joateko diru laguntza ondo etortzen da.
Longboard-ean ibiltzea ez da merkea, piezak ere garestiak dira, ardatzak 400 euro balio zuten, baina beharrezkoak dira abiadura handia hartzeko.
Non ibiltzen zarete skate-an lekeitiarrok?
Gure taldearen aspaldiko eskaera da hori, baina, oraindik ez daukagu horretarako lekurik. Urtero ekitaldi bat antolatzen dugu, eta ranpa batzuk prestatu genituen, baina eskoletan gordeta daude.
Skate-a egiteko leku bat egokitzea ondo etorriko litzateke
longboard-arekin kaletik ezin da eta ibili.