Emanaldia 19:30ean hasiko da. Hiru aktorek egiten dute Magia sinpatikoa: Igor de Quadra, Matxalen de Pedro eta Mbaye Sene (dantzari senegaldarra). Funtsean, ikuskizunak «europearroi dagokigun historia kolonialari begirada bat» ematen diola azaldu dute egileek. «Klitxeen bitartez kuadro bat, paisaia bat, eraikitzen dugu eta horren bitartez XXI. mende hau arroztu eta berriro ezagutzen dugu».

Etzi Markina-Xemeinen eskainiko dutena aurre estreinaldia dela diote. Izan ere, ikuskizuna urriaren 24an Bilboko La Merced-eko BAD jaialdian estreinatuko dute. Markina-Xemeinen baina, euskarazko bertsioa eskainiko dute. Izan ere, ikuskizuna hiru hizkuntzetara dago egokituta (euskara, gaztelera eta wolof).
Horman Poster. Horman Poster 2010. urtean Matxalen de Pedro eta Igor de Quadraren elkarlanetik jaiotako proiektua da. «Elkarlan hori eszenarako lengoaia poetiko bat eraiki, partekatu eta ikertzeko interesetik sortzen da», diote.