Ikasturte berriko lehenengo hilabeteetan, eskola umeen bisitak hartzen hasi dira Munitibarko Bengola Natur Energia Berriztagarrien Interpretazio zentroan. Olga Doloraga (Lekeitio, 1964) bertako kudeatzailearen berbetan, eskualdeko enpresa eta erakunde batzuekin daude harremanetan, elkarrekin proiektu desberdinak bultzatzeko. Hala, bisitariak hartzeko gogotsu daude, eta berrikuntzaz beterik ekin diote ikasturte berriari.
Hilabete gutxi daramatza zabalik zentroak. Orain arte zenbat bisitari pasatu dira bertatik?
Oso gutxi, udako hilabeteetan ez da egon mugimendurik, askok ez baitzuten zentroa ezagutzen. Udan baino bisitari gehiago izan ditugu martxotik ekainera. Gehienbat Lea-Artibai eta inguruko eskualdeko bizilagunak hurreratu dira. Baita inguruko nekazal etxeren batean egondako atzerritarrak ere, baina ez dira asko izan. Kanpoko bisitarien artean frantziarrak, holandarrak, estatu batuarrak, katalanak, andaluziarrak eta madrildarrak egon dira hemen.
Ikasturtea hastearekin batera, hasi al dira eskola umeen bisitak?
Bai, hasi gara martxan. Eskoletara informazioa bidaltzen gabiltza, eta dagoeneko batzuetatik deitu digute hitzordua hartzeko. Hilabete hau ia beteta daukagu. Ikasleez gain, elkarte desberdinetako kideak ere etortzen dira.
Astebarruan zer eskaintzen diezue ikastetxeei eta bestelako elkarteei?
Bi aukera dituzte: bi orduko bisita,edo bost ordukoa hemen egun pasa egiteko. Adinaren arabera egokitzen ditugu bisitak eta tailerrak, baina, modu batean edo bestean energia berriztagarriei buruzko informazioa lantzen dugu. Esaterako, dauden energia mota desberdinei buruzko azalpenak ematen ditugu: energia eolikoa, eguzki energia, energia geotermikoa, hidraulikoa, biomasa… Eta noski, Lea ibaiak eskualde osoarentzat izan duen garrantzia ere azaltzen diegu bisitari guztiei.
Eta asteburuetan?
Asteburuetan ere bisita gidatuak egiten ditugu. Orain, astebururo energia berriztagarriekin loturiko gai bat jorratzeko asmoa dugu. Asteburu tematikoak izango lirateke; bata energia berriztagarrien ingurukoa, beste bat biodibertsitateari buruzkoa, landarediarena, ondarearena… Eta euskarazko eta gaztelerazko bisitak txandakatuko ditugu.
Bestalde, ohiko eskaintzaz gain, aurtengo kurtsorako ba al daukazue berrikuntzarik?
Inguruko enpresekin gauzak lotzen gabiltza. Esaterako, inguruan gau bat edo bi lo egin, eta egunez ekintza desberdinak egiteko. Dagoeneko AbadinĚoko ikastetxe bateko ikasleek Aulestiko Ubilla aterpetxean pasa dute gaua, eta eurekin gure zentroa bisitatzeaz gain, txangoak ere egin ditugu. Halaber, Ziortza Bolibarren ere bada beste aterpetxe bat, eta haiekin ere gauza bera egiteko asmoa dugu. Bestalde, Oiz mendiko parke eolikora ere txangoak egin nahi ditugu negua pasatu ostean.
Txangoak aipatu dituzu. Hortaz, inguru zoragarri hau ere aprobetxatzen duzue bisitak egiteko?
Bai. Bi orduko bisitetan ez dago astirik txangoak egiteko, baina, bost ordukoetan bai. Duen garrantziagatik Lea ibilbidea asko lantzen dugu. Aulestitik irten eta honaino etortzen gara. Bidean azaltzen diegu bisitariei garai batean hemen izan zirela burdinolak, errotak, presak… Izan ere, Eusko Jaurlaritzako kultura ondarean 996 ingenio daude katalogatuta Lea ibilguan bakarrik.
Zer dira bada ingenioak?
Berba gizakiaren sormenarekin lotuta dago, ingenioarekin. Energia natural bat eta gizakiaren sormena edo abilezia batzean sortzen diren azpiegiturak dira ingenioak. Lea ibilguko 25 bat kilometrotan 996 zenbatuta egotea itzela da. Horrek esan gura du ibai ertzean zeuden ia etxe denek izan zutela errotaren bat, eta aurretik burdinola.
Eta noizkoa da zentro honetan daukazuen gune arkeologikoko burdinola?
Hemengo aztarnak XVI. mendeko burdinolarenak dira. Ez dago dena begi bistan, baina, indusketa bat eginez gero, behekaldean burdinola osoa ikusiko litzateke; non egoten zen mailua, non sua… Egun, dena dago estalita. Momentuz, inolako egokitzapenik egin ez arren, zer egin aztertzen gabiltza. Izan ere, zer egin indusketak burutuz gero?
Zertarako erabiltzen zituzten burdinolak bertoko biztanleek?
Asko erabiltzen zituzten nekazaritzarako tresneria egiteko. Gainera inguruko ikatza erabiltzen zuten sua egiteko, eta baita hemengo mea (minerala) ere burdina egiteko. Jakin badakigu Gerrikaitz inguruan pila bat burdinola egon zirela.
Bestalde, bisita gidatuekin batera, zentroa bestelako gauzetarako ere erabiltzen duzue ezta?
Bai, aukera desberdinei zabalik gaude, eta proposamenak entzuteko prest. Udan Euskal Herriko Unibertsitateak eta Unesco etxeak antolatutako Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Bizkaian jardunaldia egin zen hemen. Halaber, ikastolen elkarteko kideek topaketa bat egin dute berton, eta Eibarko unibertsitatearekin hitzarmen bat egin dugu. Bestalde, energia berriztagarrien goi mai- lako kurtsoko lehen promozioa aurten izango da. Hala, asmoa da haiek hona etortzea eta euren karrera amaierako proiektuak hemen egitea, gerora erakusgai jartzeko. Bestalde, Landa Turismo Arduratsuaren Sarean sartu berri gara.
Zer da Landa Turismo Arduratsua- ren Sarea?
Kalitatezko turismoa eskaintzeko konpromisoa hartu dugun hainbat enpresa eta erakunde gaude bertan. Zerbitzu arduratsu eta kalitatezkoa eskaintzen dugu. Azken finean gizarte ardura bat hartzean datza, ingurumena, bertoko ekonomia, lana, gizartea, bertoko produktuak… landuz. Oro har eskualdea zaintzeko konpromisoa hartu dugu.