
Jai Alai World Tourreko II.PRO‐AM txapelketa ezustekoekin hasi da. Faboritoak ziren Egiguren eta Zabala bikoteak galdu egin zuen astelehenean Durangoko Ezkurdi frontoian Ithurria eta Ekhiren kontra jokatu zuten partidua. Bigarrenean, berriz, Arbe eta Madarieta izan ziren nagusi. Bi jokoetan irabazi zieten Jagoba eta Ibai Erkiagari. Gaurko finalean, beraz, Ithurria eta Ekhi eta Arbe eta Madarieta bikoteak neurtuko dira. Partida, 19:00etan jokatuko da, Durangoko Ezkurdi frontoian.
Lehen finalaurrekoa oso eskas hasi zuten Egiguren eta, batez ere, Zabalak. Atzelari markina-xemeindarra oso urduri atera zen kantxara, eta galtzen hasita, ezin izan zioten jokoari buelta eman. Bigarren jokoan, onera etorri zen markina-xemeindarra eta garaipena erdietsi zuten berak eta Egigurenek (15‐9). Ematen zuen sustoa bere horretan geratuko zela baina, desberdinketakoa ere galduta, finaletik at dira faboritoak.
Zabala gaizki hasi bazen ere, ondo aritu zen partidu erdi aldetik aurrera. Egiguren berak ez zuen besteetako maila eman, eta Ithurria eta Ekhi txukun batzuen aurrean ezin izan zuten garaipenik lortu.
Eroso
Bigarren finalaurrekoa bi jokotan erabaki zen. Jagoba eta Ibai Erkiagak agindu zuten lehen erdian baina ez zuten errematatu, eta 15-14 galdu zuten lehen jokoa. Hori ikusita Jagoba gaztea pixkat behera etorri zen, eta oraindik erosoago atera zuten bigarren jokoa Arbek eta Madarietak (15-10).
Durangoko lehiaketa amaituta, Gasteiz, Mexiko eta Bilbo izango dira hurrengo egoitzak.