Partidua hiru set-etan banatuta egon zen eta Arbek eta Madarietak bi irabazi zituzten (2-1).
Txapelketako azken partidua Durangoko Ezkurdi frontoian jokatu zen. Markina-xemeindarrak eta haren bikoteak gogor borrokatu zuten txapela eramateko, baina aurkariak ere, Ithurria eta Ekhi, ez ziren atzean geratu; finala «estua eta kalitate handikoa» izan zen.
Arbe eta Madarieta ondo baino hobeto hasi ziren. Izan ere, «estu bada ere», lehenengo zatia irabazi egin zuten (13-15).

Bigarren set-a gorabeheratsuagoa izan zen. Horretan, bizkaitarrek, lehenengoan egin modura urdinak garaituko zituztela ikusten bazen ere (12-14), azken horiek markagailuari buelta eman zioten eta irabazi egin zuten (15-14).
Azken zatia, erabakiorra. Garaipen horren aurrean, berdinketa apurtzeko set-a jokatu behar izan zuten. Azken zatia laburra izaten da (bost tantora) eta horretan, zestalariek egiten duten edozein hutsegite gogor ordaintzen dute. Eta hain justu, hori da Ithurriri eta Ekhiri gertatu zitzaiena. Pare bat pelota galduta, Arbek eta Madarietak txapelari heltzeko azken saiakerak egin zituzten; hirugarren set-a 2-5 markagailuagaz amaitu zen.
Horrela, Arbek eta Madarietak markagailua 2-1 utzi zuten, txapela eurenganatuz.
Final handia jokatu aurreko partidua Egiguren II.ak eta Zabalak irabazi zuten, Jagoba eta I. Erkiagaren aurka.
Oro har, finalak «erritmo bizia eta emozioa» eduki zituela gaineratu dute ikusleek.
PRO AM lehiaketa amaituta, Jai Alai World Tourreko hurrengo hitzordua Gasteizen dago jarrita, barikuan.