860 lagunek, «inoizkorik gehien», parte hartu zuten zapatuan egin zen martxan eta ekintza nola joan zen ikusita, parte hartzaileak eta antolatzaileak gustura geratu dira.
«Eguraldi ona egin zuen, giroa paregabea izan zen eta orokorrean, ibilbide laburrean zein luzean, adin tarte guztietako herritarrek parte hartu zuten», azaldu du Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak.
Horrela ba, ekintzaren balorazio ona egin du udalak.

Ibilbide luzea egin zutenak izan ziren martxari ekiten lehenak; 08:00etan irten zuten herriko plazatik. Martxa luzea egin zutenek ondoko ibilbidea egin zuten: Aulestiko plaza, San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Zubero, urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Aulestiko plaza.
Martxa laburrak egin zutenak ostera, 10:30ean irten zuten, parketik eta ondoko bidea egin zuten: parkea, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Aulestik plaza.
Oinez, 3 edo 5 orduz
Bi ibilbideetan adin tarte guztietako herritarrek parte hartu zutela gaineratu du Ansotegik; «hori pozgarria da».
Horrela ba, ibilbide luzea egin zutenek, batazbeste, 5 ordu eta erdi eman zituzten ermitarik ermita oinez (25 kilometro). Laburra egin zutenek, ostera, 3 ordu inguru behar izan zituzten martxa amaitzeko.
Behin guztiak Aulestiko plazan batu eta gero, neke aurpegiak izan ziren nagusi. Baina guztiak zeuden pozik. Aulestiarrez gain, eskualdeko eta eskualdetik kanpoko beste herri asko eta askotako herritarrek parte hartu zuten. Izan ere, Aulestiko Ermitarik Ermita mendi martxa urtez urte gero eta oihartzun handiagoa ari da edukitzen.
Aurreko urteetako datuak
Horrela, aurten, orain arteko parte hartze marka guztiak hautsi dituzte; 2011n 625 lagunek parte hartu zuten eta 2012an 762 izan ziren. Iaz, aldiz, 760 herritarrek parte hartu zuten, aurten baino 100 parte hartzaile gutxiago.
Iaz egindako balorazioan antolatzaileek esan moduan, inguruak ezagutzeko ekintza ez eze, «ondo pasatzekoa» ere bada. Inongo gorabeherarik gabe, aurten martxa «primeran» joan dela esan dute.