
Eguraldi onagaz jende asko ibili dela nabarmendu dute Teresa Doneko jai batzordeko kideek. Era berean, pozik geratu dira aurtengo jaiek izan duten emaitzagaz.
Zapatu goiza auzoko XX. Margo Lehiaketagaz hasi zuten. Lehiaketara aurkeztu zirenek Markina-Xemein eta inguruak margoztu behar izan zituzten gai nagusitzat hartuta. Parte hartzaileek hiru taldetan banatuta parte hartu zuten: 4-6 urte, 7-9 urte eta 10-11 urte bitartekoek. “Aurten sekulako parte hartzaile gutxien izan dugu. 30 umek parte hartu dute bakarrik. Beste urte batzuekin alderatuta, gutxiago”, nabarmendu zuten jai batzordeko kideek.
Aurten, gainera, epaimahaikide berezi bat ere eduki dute Teresa Donearen auzoko margolan lehiaketan; Nerea Unanua Otxoantesana margolaria. “Urtero margo lehiaketara etortzen zen, eta ia beti lortzen zuen sariren bat. Auzoan bertan bizi zen, gainera”.
Margolanen lehiaketan aurkeztutako beharrak hilabete osoan Bikale tabernan egongo dira ikusgai. Orokorrean nahiko lan “politak” egin zirela aitortu dute. 4 eta 6 urte bitartekoen artean Leire izeneko neskato batek jaso zuen lehenengo saria. Urmargoekin egindako lan abstraktu bat aurkeztu zuen. Oso behar landua zela aitortu dute antolatzaileek. 7 eta 9 urte bitartekoen artean Asierrek irabazi zuen. Markina-Xemeingo eliza margotu zuen. “Oso ondo margotu ere”. Irabazleek material eskolarra irabazi zuten.
Zapatu arratsaldean Angel Egia soinu-jotzaile berriatuarra giroa alaitzen ibili zen urtero modura, eta bien bitartean, umeentzat jaialdia egin zen. Umeek beti-betiko herri kirolak egin zituzten. Lasto altxatzen eta txinga eroaten ibili ziren, hurrenez hurren. “Ume denek txingak probatzeko aukera eduki zuten. 500 gramoko, kiloko eta kilo eta erdiko txingak egon ziren aukeran. Sekulako giroa egon zen”.
Domekan ere egun handia bizi izan zuten auzoan. Urtero modura buruhandiek arrakasta handia izan zuten. “Buruhandien zain egoten dira ume guztiak”. 12:00etatik 14:00etara sekulako giroa egon zen, buruhandiak eta jokoak egin ziren eguerdira arte.
Jaien ostean pozik geratu dira auzoko jai batzordeko kideak. Teresa Donearen auzora bertaratu diren herritar guztiei eskerrak eman nahi diete jai batzordeko kideek. “Aurten, gainera, udala eta guraso elkartea ere eskertu nahiko genuke. Guraso elkarteak opari ederra egin zigun, zumba ikuskizuna ekarri zigun zapatuan gure jaietara eta. Ikusgarria izan zen, denak dantzan ipini zituzten. Horrez gain, jaia antolatzen laguntzen duten guztiei ere gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Urtero txokolatea prestatzen auzoko bost amama eta aitona bat aritzen dira, eta haiek ere eskertu nahi ditugu”.