
Hilabete inguruz Bizkaiko eraikinak eta bizimodua aztertzen ibili ostean, 2014ko Ondare Jardunaldiak azken txanpan sartuko dira egunotan. Lea Artibairi dagokionez, esaterako, bertoko herriekin lotura daukaten zenbait gai jorratuko dituzte, domekara bitartean. Hain zuzen, bost ekintza izango dituzte aukeran interesatuek.
Aurtengo Ondare Jardunaldiek Bizkaiko etxebizitza motak aztertu dituzte: baserrietatik hasita, eraikin modernistetara helduz. Izan ere, lurraldeko etxeek historia aberatsa daukatela deritzote jardunaldien antolatzaileek. Etxe motak aztertzeaz gain, bestalde, eraikin horietan egiten zen bizimodua ere ezagutarazi nahi izan dute.
Zapatuko (urriak 25) egitaraua
- Aulestin. Herriguneko etxebizitzei, eta garai desberdinetako bizimoduei buruzko bisita. Udaletxe aurrean jarri dute hitzordua, 11:30ean. Erreserbak egiteko deitu 94-684 44 23 telefono zenbakira.
- Etxebarrian. Antsotegi jauregia eta burdinola ezagutzeko bisita. Antsotegi Hoteleko aparkalekuan jarri dute hitzordua, 17:00etan. Erreserbak egiteko deitu 94-616 91 00 telefono zenbakira.
- Markina-Xemeinen. Baserriko bizimodua ezagutzeko erakusketa, erakustaldia eta tailerrak, Uhagon Kulturgunean. 16:30ean hitzaldia eta irute erakustaldia. 17:30ean, taloa egiten ikasteko tailerra. 18:30ean ogia egiten ikasteko tailerra. Erakusketa, bestalde, hilaren 25etik 31ra izango da ikusgai. Erreserbak egiteko deitu 94-616 63 03 telefono zenbakira.
- Ziortza-Bolibarren. Zenarruzako monastegia ezagutzeko bisita. Zenarruzako elizaren atarian jarri dute hitzordua, 12:00etan. Erreserbak egiteko deitu 94-683 19 51 telefono zenbakira.
Domekako (urriak 26) egitaraua
- Ondarroan. Herriko etxe garrantzitsuenak ezagutzeko bisita. Turismo bulegoan jarri dute hitzordua, 11:00etan. Erreserbak egiteko deitu 94-683 19 51 telefono zenbakira.