Eztabaidatzeko, kritikak egiteko eta hausnarketak partekatzeko batuko dira zapatuan Bizkaiko
18 eta 30 urte bitarteko gazteak Bilboko Euskalduna Jauregiko areto berrian, eta, batez ere, etorkizunera begiratzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen
Kabian topaketen baitan egingo dute saio hori, GazteKaldia deitutakoa. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 09:30ean hasiko dute aipatutako saioa, eta 18:30era arte iraungo du.
Hala, bertaratzen direnek gazteentzat interesgarriak diren gaien inguruko adituen esperientziak ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste. Hain zuzen, espazio ireki batean elkartuko dira gazteak, «parte hartzailea eta sortzailea» izango dena; hartara, «euskara erabiliz, gazteek dituzten jakin-minak, desioak eta konpromisoak adieraz ditzaten».
Hala, 18 eta 30 urte bitarteko bizkaitar euskaldunei dei egin die zapatuko hitzorduagaz bat egin dezaten, «hainbat galderei erantzuteko, elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko».
Izena ematea, beharrezkoa. Bertara joan nahi duenak izena eman beharko du aurretiaz, Internet bidez. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, doakoa izango da parte hartzea. Ekintzaren inguruko informazio gehiago nahi duenak
Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean (Kabia),
kabian@bizkaia.net helbidera mezua bidalita, 666 427 897 telefono zenbakira deituta edota
Twitter eta
Facebook sare sozialetako profiletan jaso ahalko du.