
Kirmen Uribe Londresko ‘The London Language Show’ azokan. Argazkia: Etxepare Euskal Institutua
Aurreko astean
Bilbao-New York-Bilbao bere lehen eleberria Ingalaterran aurkezten izan zen Kirmen Uribe ondarrutarra. Erresuma Batuan Seren Books argitaletxeak urriaren 20an kaleratu berri du ondarrutarraren eleberri ezaguna. Elizabeth Macklin idazle estatubatuarrak itzuli du zuzenean euskaratik. Idazle ondarrutarra pozik dago Bilbao-New-Bilbao hainbeste hizkuntzara itzuli delako. “Guztira hamalau hizkuntzan dago, hau hamabosgarrena. Ondarroatik sortutako liburu bat hainbeste hizkuntzatan itzulita izatea benetan oso pozgarria da”.
Liburuaren agerpena zela eta, Uribek hainbat ekitaldi egin zituen Erresuma Batuan. Urriaren 15ean, Oxfordeko unibertsitatean hitzaldia eman zuen eta hilaren 16an, Londresko King’s College unibertsitatean beste hitzaldi bat eskaini zuen. Pozik agertu da Kirmen Uribe bi unibertsitateetan izan duen esperientziagaz. “Oxford eta King’s College munduko hamar unibertsitate onenen artean daude. Nobel saridun askorek bertatik ateratzen dira. Maila horretako unibertsitateetan euskal liburu bategatik hitz egitea beti da pozgarria. Hor goaz bideak zabaltzen”.
Urriaren 17an liburuaren jendaurreko aurkezpena egin zuen Uribek Londresko Pen Club idazleen egoitzan, Mick Felton editorea lagun zuelarik. “Galdera asko egin zizkidaten aurkezpenean eta interesagarriak, gainera”. Azkenik, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, Londresko The London Language Show azokan euskarari eskainitako txokoan ere parte hartu zuen Kirmen Uribek. Poema irakurraldia egin zuen azokan, besteak beste. Oro har pozik agertu da Londres eta inguruetan izan duen esperientzia berriagaz.