Markina-Xemeinen
egun berezia izaten da Liburutegiaren Egunekoa; izan ere, egun horretan aurkezten dute urtean-urtean Peru Abarka album lehiaketaren liburu irabazlea. Hain zuzen,
Castillo Suarezek idatzitako eta
Maite Mutuberriak ilustratutako lana izango da barikuan aurkeztuko dutena:
Zerua berun. Aurkezpena udaletxeko osoko bilkura aretoan egingo dute, 20:00etan. Urte guztian irauten duen lehiaketa da Peru Abarka, eta aurten, gainera,
Ibaizabal argitaletxeagaz egin du hitzarmena udalak lehiaketa horretako lan irabazlea argitaratzeko. Izan ere, “album lehiaketa hori apustu gogorra da” Markina-Xemeingo Udalak egiten duena.

Markina-Xemeingo liburutegiko arduradunak jakinarazi duenez, ordu erdi inguruko aurkezpena egingo dute barikuan. Bertan, aurtengo gorabeherak eta lehiaketaren xehetasunak azalduko dituzte, besteak beste. Ondoren, Suarezek eta Mutuberriak elkarlanean egindako album ilustratu horren inguruan hitz egingo dute, eta, hori eginda, liburu aleak banatuko dituzte, eta protagonistek sinatu egingo dituzte. Bukatzeko, bertara joaten direnek kopaua izango dute aukeran, solasaldian murgiltzen diren bitartean.
Egun berean, gainera,
urtean lau bidar ateratzen duten liburu eta diskoen gomendioen gida kaleratuko dute. Ondarroa, Ermua, Durango eta Iurretako udalekin batera ateratzen du aipatutako gida Markina-Xemeinek. Hala, barikuan bertan banatuko dituzte horien aleak liburutegira doazenen artean.
Hurrengo egunean, hilak 25, beste alde batetik,
Juan Gamba ipuin kontalariagaz gozatzeko aukera edukiko dute 21:00etan liburutegira doazen herritarrek.