Urriaren 24tik azaroaren 2ra antolatu ditu jardunaldiak Lekeitioko Udalak, “itsasoa, arrantza eta itsasoko bizimoduagaz daukan harreman bereziaren omenaldi gisa”, eta hamar egunetan, herritar zein bisitariek era askotako proposamenak edukiko dituzte txipiroiagaz gozatzeko.
Urtero modura,
Txipi-pintxo ibilbidea egongo da, hau da, Lekeitioko tabernetan txipiroi pintxoak dastatzeko aukera. 25 tabernak hartuko dute parte aurten jardunaldietan: Aisia Lekeitio, Atxarte, Batzoki, Galarrena, Gallo, Gau Txori, Goitiko, Gol, Guria, Ioar, Itxas alde, Kaia, Kaixarranka, Leihope, Lumentza, Maite, Mantxua, Marina, Norai, Oskarbi, Piñupe, Prim, Tia Fran, Trinkete eta Willowsek. Urriaren 25ean eta 26an, eta azaroaren 1ean eta 2an egongo dira txipi-pintxoak taberna horietan guztietan.
Horretaz gainera,
Lekeitioko jatetxeek txipiroia osagai nagusi daukaten platerak eskainiko dituzte jardunaldiak dirauten egun guztietan. Zortzi jatetxek parte hartuko dute aurtengo jardunaldietan: Aroak, Egañak, Goitikok, Batzokiak, Aisiak, Jubilatuen etxeak, Beitia Barrik eta Mantxuak. Jatetxe bakoitzak txipiroiek era ezberdinean prestatuko ditu. Horrela, txipiroiak plantxan edo bere tintan edo tipulagaz jan ahalko dira besteak beste.

“Txipiroia antzinatik dugu Lekeitioko osagai gastronomiko adierazgarrienetakoa. Egun, Lekeitioko ontzien artean gutxi dira, kopuru txikian txipiroia arrantzatzen aritzen direnak; nahiz eta, itsas herri honetan txipiroiaren arrantza antzinatik datorren”, azaldu du udalak.
Ardo dastaketa eta bisita
Mikel Garaizabal enologo eta sommelieraren eskutik jatorri deitura duten Arabako Errioxako ardo eta hiru txakolinen dastaketa egiteko aukera egongo da azaroaren 2an Barandiaran aretoan. Ardo dastaketa txipi pintxoz lagunduta egongo da. Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Lekeitioko Turismo Bulegoan izena ematea.
Bestalde, Sosoaga Dolarea ikusteko aukera ere egongo da. Horretarako bisita gidatuak antolatu ditu udalak azaroaren 1ean 12:00etan eta 13:00etan.
Txiki-Txoko
Umeek ere izango dute txipiroiaren jardunaldietan parte hartzeko aukera. Txiki-Txoko izenagaz dastamenaren heziketa tailerrak antolatuko ditu umeentzako Lekeitioko Aisialdi Taldeak. Hiru tailer egongo dira:
-
Tximinoiak margotzen. 3- 5 urte bitartekoentzat, Eskolapeko erakusketa artetoan. Barikuan eta zapatuan margotu eta herria apainduko dute.
Ordutegia: 17:00etatik 20:00etara.
-
Tximinoi arrantz tailerra. 6-11 urte bitartekoentzat, Gazte Gunean. Barikuan margotu egingo dute, eta zapatuan tximinoiak harrapatzera joango dira. Horretarako bakoitzak bere kanabera eraman beharko du.
Ordua: 17:00etatik 20:00etara.
-
Tximinoiak sukaldatzen. 11urtetik gorakoentzat, Gazte Gunean. Txipiroiak sukaldatzeko era desberdinak ikasiko dituzte gazteek zapatuan. Txipiroi erroak eta txipiroiak saltza beltzean sukaldatuko dituzte, eta gero gauean afaldu. Ordua: 18:00etatik 23:00etara.