Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai sariketara 26 behar aurkeztu dira aurten, eta horien artean Osororen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria eguenean [urriak 30] 19:00etatik aurrera egingo den aurkezpen galan emango zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.
Jasone Osoro Elgoibarren jaio zen 1971ean. Kazetaria da ikasketaz, eta prentsa idatzian nahiz telebistan lan egin izan du, baina batik bat idazle moduan da ezaguna:
Tentazioak (1998) eta
Korapiloak (2001) ipuin-liburuak kaleratu ditu,
Greta (2003) eleberria,
Bi marra arrosa (2009) saiakera,
Isadora (1998) biografia, eta gazteentzako hainbat liburu, Jara eta Ezekiel pertsonaienak, besteak beste. Gaur egun, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da.
Bariku arratsaldean jaso zuen Osorok nobela beka irabazi zuenaren berri. “Pozik” agertu da berriagaz. “Izugarria izan da horrelako saria irabaztea. Sekulako ilusioa egin dit. Orain urtebete dut buruan dudan proiektu hau erarik txukunenean eta politenean gauzatzeko”.
Elgoibarko idazleak ez zuen espero irabazle suertatzea. “Lana aurkezten duzunean beti duzu esperantza txiki bat, bestela ez duzu aurkezten. Era berean, jakitun zara gauzak ez direla errazak izaten. Jende gehiago aurkezten da eta lehia dagoen momentuan ez da erraza izaten. Niretzat garrantziatsua zen, besteak beste, buruan nuen proiektu horri forma emateko eta proiektu berri horri bidea irekitzeko”.
Sick behin-behineko titulua aukeratu du Jasone Osorok bere proiektu berriarentzat. “Hitz oso aproposa iruditu zitzaidan. Sick berbak ingelesez gauza asko esan nahi ditu: gaixorik, zorabiatuta, bertigoa, botagurea… Istoriako protagonista Berta deitzen den emakume bat da. Lehertu egin da. Barrutik erabat apurtuta sentitzen da, eta 24 ordu pasatzen ditu ohean antsiedade krisi batek jota. Denbora guzti horretan bere bizitzan pasatutako hainbat eta hainbat gauza errepasatuko ditu Bertak. Sick berba aproposa iruditu zitzaidan adierazi nahi nuen sentimendu eta zurrunbilo guztia laburbiltzeko”.
Kontakizuna kaotikoa eta ez dela kronologikoa aurreratu du Osorok. “Denboran jausiak izango ditu. Bertigo edo zorabio sentsazio hori kontatzeko modua ere isladatu nahi izan dut”. Urtebete du Osorok proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2015eko udazkenean ikusiko du liburuak argia.