Zapatak jartzen dabiltza orain, eta amaitutakoan hasiko dira oinarriagaz. Futbol zelaia dagoen partean zimentazio irregularra aurkitu dute, eta beraz, mikropiboteak sartu behar izan dituztela jakitera eman du udalak. “Oinarria harrian ainguratu dute”, zehaztu dute.
Errekaren beste alderdian ez dute irregulartasunik aurkitu, baina, alderdi horretan saneamendu sarea dago, eta zubia eraiki ahal izateko sarea desbideratu egin behar izan dute. “Horregatik altzatu dute lurra alderdi horretan”, argitu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak. Horretaz gainera, ur hoditeria ere lekuz aldatu da.
Lan horiek egin ahal izateko, bestalde, bertan dagoen presa zabalik daukate. “Ura pilatuta ez egoteko”.
Hobekuntzak
Hasiera bateko proiektuari hobekuntza batzuk ere egingo dizkio udalak. Alde batetik, Bekobentatik futbol zelaira arteko bidegorria egingo dute, hasiera batean pentsatuta zegoena baino luzeago, eta bestetik, futbol zelaia eta errekaren artean 100 metroko atletismo pista bat eraikiko dute. “Saltoak egin ahal izateko zulo eta guzti”, azaldu du alkateak.
Barroetako zubia egiteko hasierako epea 11 hilabete eta erdikoa zen, baina, izandako arazoak tarteko, atzerapena darama. Uztailaren 31n, bisoi europearraren kumealdi garaia amaitu ostean hasi ziren Barroetako zubia eraikitzeko lanekin. Aurretik argi indarra lurperatzen ibili ziren, baina ez zuten behar gehiegi aurreratzeko aukerarik izan. “Otsailean berriz, bisoien ugaltze garaia ailegatuko da, eta horren aurretik errekaren inguruko lan guztiak amaituta eduki nahi ditugu”, azaldu du udalak. Bestalde, obra osoa Karmen jaietarako amaitzea gustatuko litzaiekela adierazi dute.