Kanpaina berria dakar Errigora proiektuak. Bost ziren iaz ekimenean parte hartu zuten ekoizleek, eta hamar izango dira aurten Errigoran ariko direnak.
Nafarroa hegoaldea du ardatz Errigorak, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Hala, zonalde hartako errealitatea ezagutzera ematea ere badu helburu Errigorak. “Ekarpen ekonomikoari dagokionez, hainbat kanpaina eginda ere ez da lortuko Nafarroako gune horrek euskalduntzeko behar duen beste. Hala ere, auzolana praktikara eramateko eta parte hartzearekin gauzak lor daitezkeela erakusteko balio du”, Errigorako kide Peru Aranburuk azaldu duenez. Euskarari zein tokiko ekoizle eta produktuei bultzada emateko lanean ari da Errigora, eta euskal herritarren laguntza izango dutelakoan daude. “Batez ere, ateak zabaltzen joatea da gure helburua; hau da, ekoizleak eurak eta beraien produktuak ezagutzera ematea, harremanak sortzea…”. Azken finean, errealitate konkretu bati erantzuna emango dio Errigorak, herri mailako erantzuna, Euskal Herri mailako erantzuna.
Proiektuko kideen esanetan, ateak zabaltzen joatea da helburua; hau da, ekoizleak eurak eta beraien produktuak ezagutzera ematea, harremanak sortzea
Salmenta puntu gehiago
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean, dagoeneko martxan da Errigorak, Ikastolen Elkartearekin, Zazpiak Bat-ekin, Sortzenekin eta Aek-rekin elkarlanean bultzatu duen kanpaina. 50 euroren truke, Nafarroako produktuekin osatutako saski koloretsu bat eskainiko dute. Euskal Herriko hainbat txokotan eskuratu ahal izango da, eta salmentetatik lortzen duten diruaren laurdena (%25), euskara ofiziala ez den eremuko euskalgintza proiektu ezberdinetara bideratuko dute urtero-urtero.
Hala, sakiak erosteko eta eskariak egiteko deia egin du Aranburuk. “Aurten, gainera,
salmenta puntu gehiago izango ditu Errigorak, herri gehiagotan”. Aipatu duenez, seirehundik gora izango dira oraingoan salmenta puntuak. Hala ere, horietako zenbaitetan barne eskariak baino ezin izango dira egin; enpresetan, kasurako.