Urriaren 18an atera zen herrian jarri zuten lehen auzo konpostaguneko lehen ongarria. Udaletxe osteko konpostagailuetan zegoen guztia makinagaz birrindu eta nahi zuenari eman zioten. Txikitu ez zena, berriz, Barroetako ortu publikoetara eraman zen bertako partaideek erabil dezaten.
Ateratako konpostaren lagin bat, prozesuan aholkulari izan den Spora enpresari eramango diote, «azterketa kimiko bat egin eta ateratako emaitzaren kalitatea ziurtatzeko».
Herritarren parte hartzea zabala izan da udalaren ustez. «104 familiak parte hartzen dute orain arte martxan dauden guneetan, eta beste 40 daude zain», zehaztu dute. Izen ematea, gainera, zabalik dago, eta zerrendan dauden familiei orain dauden gune edo antolatuko diren berrietan tokia egiten ahaleginduko dira.
«Poztekoa da bai eta ere gauza berri baten aurrean herritarrek izan duten jarrera; izan ere, ez da inolako arazorik egon», azpimarratu du udalak. Horretan zerikusi handia izan dute, udalaren iritziz, borondatez parte hartu eta konpostaguneez arduratu diren herritarrek. «Gainera, hasieran, nolabaiteko beldurra eta kezka sortu zuten usain eta zomorrorik ez da izan», aitatu dute.
Hurrengo pausua Iderraga auzoan auzo konpostagune berri bat jartzea izango da, Bekobentako etxolaren modukoa. Gainera, beste lekuren bat ere aztertzen dabiltza, eta aurten jartzea dute asmoa.