Ainara LeGardon Uhagonen egongo da domekan, ‘Every minute’-gaz
Orain, LeGardonek urrian argitaratu duen Every minute lana aurkeztuko du. «Ainara artisten artean goxoena da. Bere abestiak ausartak, ulerkorrak eta argia egiten dutenak dira, eta azkenean, bere ausardia eskertzea baino besterik ez zaigu geratzen», dio Chris Eckman LeGardonen lehenengo bi lanen ekoizleak. LeGardonek hogei urte baino gehiago daramatza bere abestiak Europa eta Ameriketako Estatu Batuetan abesten. 2003an bere ekoiztetxea sortu zuen: Winslow Lab. Eta ordutik, ekoiztetxe horren izenean kaleratu ditu bere lan guztiak: In the mirror (2003), Each day a lie (2005), Forgive me if I don’t come home to sleep tonight (2009) eta We once wished (2011). Azken lana. Hileon argitaratu duen lanean (Every minute) bilbotarrak orain arte egindako bidaia guztiek emandakoa jaso nahi izan du. «Nik egindako bidaiek gidatzen dute disko berria». Every minuten 250 kopia kaleratu dituzte, serigrafiatuta eta zenbatuta. LeGardonek eliteko artistekin eskaini izan ditu kontzertuak: Shannon Wright, Thalia Zedek, Dayna Kurtz, The Walkabouts, Bonnie ‘Prince’ Billy & Matt Sweeney, Karate, Giant Sand, Damien Jurado, Lisabo… Horrez gain, jaialdi ospetsu askotan ere parte hartu du bilbotarrak: BBK Live, Benicassim-eko jaialdian…. Eta aipatzea da baita ere, bere abestiak filmeetako soinu bandetan ere agertzen direla: Abre los ojos (Alejandro Amenabar, 1997) eta Hoy es primavera (Alvaro Sanz, 2014). Horrela ba, LeGardon esperientzia handiko musikaria da, eta kritikoek esan moduan, «izaeragaz emozioak kontatzen dituen musikaria da».