Euskadiko 2. mailako aizkora txapelketaren finala lehiatuko dute zapatuan, Asteasuko pilotalekuan, Ugaitz eta Aratz Mugerza mutrikuarrek. Mugerza anaiez gain, beste lau aizkorari daude finaerako sailkatuta: Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Arkaitz Jauregi eta Luis Mari Txapartegi.
54 ontzako enbor bi, 60 ontzako enbor bi eta 72 ontzako enbor bi ebaki beharko dituzte aizkolariek finalean.
Hiru dira finalerako faboritoak eta Ugaitz Mugerza hiruren artean dago. Nahiko entrenamendu onak eginda dagoela dio, hala ere, eguna eta ordua ailegatzerakoan ikusi beharko dela azpimarratu du.
Lanari dagokionez, 72 ontzako egur handi biak izango dira Ugaitz Mugerzaren ustez erabakiorrak. «Egur nahiko handiak dira eta hortxe erabakiko da finala», dio. Bizkor hasi eta agoantatzea komeni da mutrikuko aizkolariaren ustez.
18:30ean hasiko dira lehiatzen aizkorako hitzordu garrantzitsuenetako bat izango dena. Lehenengo geratzen diren bi aizkolariek lehen mailarako pasea lortuko dute, eta garaipenaren bila doa Asteasuko plazara Ugaitz Mugerza. «Bost final jokatu ditut segituan eta denetarik egin dut, garaipena falta da», dio.
Aratz Mugerza ere bertan egongo da. Iaz baino hobeto ibili da entrenatzen eta ahalik eta hobetoen jardutea izango du helburu.