Abaroa Kultur Jaiak eta Katu Baltzak bat egingo dute egun osoko ospakizunean. Herriko talde guztien jaia izango da zapatukoa, denen artean osatua.
Urtero legez, Katu Baltz Elkartea herriko talde guztiekin jarri zen kontaktuan, jaian parte hartzeko gonbitea luzatuz, eta inoizko erantzun hoberena izan dute. «Aurten Katu Baltz elkartearen lana koordinazioa izan da; herriko taldeak eurak erabaki dute zer, non eta zelan egin, eta oso pozik gaude emaitzagaz», adierazi dute Katu Baltz Elkartekoek.
Horreri guztiari, Abaroa Kultur Jaia batu zaio, eta aurten estreinako Katu Baltzeko pregoia Abaroa lorategian egingo da, goizeko ekintzeri hasiera emanez.
Betiko modura, Erakusleiho Onenaren saria emango dutela azaldu dute Katu Baltz Elkartekoek, baina oraingoan saria, egileek eurak emango dutela aurreratu dute, Maria Talako Eskulan Tailerrak.
Gaztetxea ere herriko jaiaren topaleku izango da. Ixabel Millet Euskal Mitologian adituak hitzaldia emango du arratsaldean, eta gauean berriz, DJ Tartalok musika jarriko du.
Euskal mitologiako pertsonaiak, betiko modura, kalejira egingo dute iluntzean, eta Lekittoko Deabruak Antzerki Taldeak
Akelarre Foc ikuskizuna eskainiko du.
Lekitto Musika Bandak, Itxaropena Txistulari Elkarteak, Trikitilariak, Dunbots joaldunak eta Aittitta Makurra Txarangak emango diote doinua egun osoko jaiari, bai Abaroa gunean zein kalerik kale, dantza berriz, Kiroldegiko Dantza Eskola eta Etorkizuna Dantza taldearen eskutik etorriko da.
Abaroa Kultur Jaia
11:00etatik 15:00ak arte,
tailerrak, erakustaldiak, azokak, musika emanaldiak eta txosna egongo dira Abaroa Gunean.
Lau tailerrekin hasiko da Abaroa Kultur Jaia: Kiroldegiko Dantza Eskolak, dantza ikastaro bat emango du, heldu zein umeentzat; Aittitta Txiki kultur elkarteak, berriz, hankapalu tailerra eta txalaparta tailerra. Azkenik, umeei zuzenduta, arpegi margoketa tailerra antolatuko dute Abaroa Biztu asanbladako kideek.
Bi azoka izango ditu jaiak. Kultur talde, kirol talde eta eragile sozialen azoka izango da bat, eta bertan parte hartzeko asmoa erakutsi dute Lekitto Bedarra taldeak, Sarek, Katu Baltz taldeak, Aisialdi Taldeak, Errigorak, Urpeko taldeak eta Isuntzak. «Azokak, Lekeition dauden ekimen ezberdinak batu eta erakutsi nahi ditu», azaldu dute Abaroa Biztu lantaldekoek.
Abaroa Biztu asanbladak ere, bere postua jarriko du azokan: martxan dagoen partehartze prozesua azalduko dute bertan, eta azaroaren 21an egingo den Abaroa berriaren proiektuaren aurkezpenera joateko gonbidapenak banatuko dituzte. Horrez gain, Abaroa Biztu asanbladak, bideo proiekzio bat ere egingo du, Abaroa Jauregia barrutik zelakoa den erakusten duena. Zentzu berean, Auzolan taldeak, ibilbide bat proposatuko du lorategian bertan. «Asmoa, lorategiaren berreskurapenean egindako lana erakustea da eta beraien dinamika azaltzea», zehaztu dute.
Bestalde, hamabi artisauk, sortzaileen azoka osatuko dute, beraien azken lanak erakutsi eta erosteko aukera emateko.
Abaroa Kultur Jaiak
txosna bat ere izango du. «Helburua egunean bertan jana eta edaria emateaz gain, autogestioa ardatz, jaiaren antolaketan sortu daitezkeen gastuak ordaintzeko beste diru lortzea da», jakitera eman dute antolatzaileek. Goizean goiz gosariak eskeiniko dituzte, eta ondoren pintxo eta edariak. Txosna gunea, gainera,
musika emanaldiekin girotuta egongo da: trikitilariak, korua, musika banda eta hainbat musika taldeen partehartzeagaz.
Dantza ere ez da faltako Abaroa Kultur Jaian: Etorkizuna dantza taldea eta joaldunak jaiaren parte izango dira. Arte erakusketa bat ere ikusi ahalko da Abaroako harresietan, Mari Talako pintura taldekoen eskutik.