
Ondarroan eta Markina-Xemeinen udalak egin dute deialdia, eta Lekeition Potxuak Martxan elkarteak.
Ondarroan bihar [azaroak 6] Alamedan batzeko deialdia zabaldu du udalak, 19:00etatik aurrera. Elkarretaratzea
Aski da! Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lemapean egingo dute. Udalaren iritziz: “emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpenik larriena da. Indarkeria sexistak milaka aurpegi, ahots eta adierazteko forma ditu eta ezinbestekoa da horiek salatzea eta gogor erantzutea”.
Lekeition ere 19:00etan izango da elkarretaratzea, bihar [azaroak 6].
Emakumien kontrako indarkeriari planto! Ez isildu, salatu! lemapean egingo da elkarretaratzea. Bide beretik, gertaera salatzeko, arropak eskegiko dituzte, orain arte egin modura.
Markina-Xemeingo Udalak ere Gasteizen hil duten emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzera deitu du. Bihar [azaroak 6], 20:00etan, egingo da elkarretaratzea
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lelopean, eta herritar guztiei bertan parte-hartzeko deia egiten diete. “Gaur egun oraindik ere gure jendartean emakumezko izateagatik zapalduta egoten jarraitzen dugu. Arlo guztietan, azalekoa edo ez, oraindik ere menpekotasun egoera batean bizi gara. Emakumeen kontrako indarkeria jendartean errotutako indarkeria da. Eta indarkeria fisikoa da zapalkuntza horretan larriena. Ondorioz, Gasteizen astelehenean ez da kasu isolatua izan”, adierazi du udalak.
Markina-Xemeingo Udalak 2011ko udazkenean aho batez onartu zuen horrelako kasuak sistematikoki salatzea, eta horretan jarraituko dutela azpimarratu dute. “Emakumeek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoan berresten da Udala, indibidual zein kolektiboki, horri aurre egiteko konpromiso garbiarekin”, esan dute.