
Aulestiko Malats auzoko sanmartinak
«Etorri da San Martin eguna eta joan da txerria» esaera zaharrari jarraiki, sanmartinak ospatzeko batuko dira Lea-Artibai herritarrak egunotan. Antzina, azaroaren 11 festa egun handia izaten zen Euskal Herriko etxe eta baserri askotan; hala ere, egun, gero eta gutxiago dira txerria hiltzen dutenak. San Martin eguna aitzaki hartuta, dena den, txerria hiltzearen alde ludikoaz gozatzeko biltzen dira egun herritarrak. Hala, Aulestin, Berriatuan eta Ispasterren bezala, beste hainbat tokitan ere, txarrikiak jateko hitzorduak izango dituzte.
Datorren martitzenean, azaroaren 11n, ospatuko dute San Martin santu zaindariaren eguna; hala ere, ospakizunak aurretik eta ondoren ere izango dira bertoko herrietan. Ispaster da San Martin Egunerako ekintzak antolatu dituena; meza santua izango da aukeran, eta, horrez gain, gaztaña erreak jango dituzte, ohitura den legez.
Berriatuarrak, lehenak
Berriatuarrak izango dira sanmartinak ospatzen lehenak, eta barikurako antolatu duten Azaro fest jaiagaz egingo dute. Hain zuzen, txarrikia jateko eta garagardoa edateko aukera izango dute Berriatura doazenek.
Aulestiko Malats auzoan emango diete, azkenik, jaiei amaiera: hain justu, azaroaren 15ean. Meza egingo dute bertan, eta, ostean, kopaua hartu ahalko dute, trikitilarien doinuez lagunduta.