
Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, Txipiroiaren Gastronomia Jardueren zortzigarren ekitaldia guztiz finkatuta dagoela ikusi du Lekeitioko Udalak. Bisitariak erakartzeaz gain, herritarrek gogoz hartzen dituzten jardunaldi gastronomikoak direla diote, eta sektoreak ere balorazio ona egiten duela azaldu dute.
«Aipatzekoa dugu sektorearen partaidetza. Jatetxe eta tabernek hurrengo urteetan ere jardunaldiekin jarraitzeko asmoa adierazten dute», jakitera eman dute. Gainera, Udako turismo eskaintzatik kanpo antolatzen dituzten jardunaldi gastronomikoak positibotzat jo ditu sektoreak.
Azaldu dutenez, txipiroi plater eta pintxoek harrera ona izan dute. Izan ere, jatetxeetara joan diren bezeroek aprobetxatu egin dute jardunaldien eskaintza kasu gehienetan. Tabernetako balorazioa ere positiboa izan da, eta eskaintzak harrera ona izan duela adierazi dute ostalariek.
Parte hartze handia
Jardunaldien baitan antolatu dituzten ekintzetan izandako parte hartzeaz ere gustura agertu dira antolatzaileak. Sosoaga Dolareko bisita gidatuetan 23 pertsonak parte hartu zuten, Aisialdi Taldeak antolatutako tailerretan 50 ume eta gazte inguruk, eta Mikel Garaizabal enologoaren eskutik egin zen ardi dastaketan 28 lagunek. «Ardo dastaketa arrakastatsua izan da, eta hainbat pertsonak deitu dute turismo bulegora ea bigarren bat antolatuko dugun galdetuz», aitatu dute antolatzaileek.

Jatorri deitura duten Euskal ardoak dastatu ziren, txakolinak zein Arabako Errioxako ardoak, eta dastaketan laguntzeko, Egaña Jatetxeak eta Trinkete Tabernak, biak Lea Artibai Euskadi Gastronomika klubeko partaideak, pintxo berezi bi eskaini zuten: Txipi hostopila eta Txipiz beteriko Gernikako piperrak.
Blog ezberdinetan
Jardunaldiak blog ezberdinetan azaldu zirela aitatu dute antolatzaileek: «Bizkaia Kosta elkartearen eskutik, turismoan adituak diren sei blogari Lekeition egon ziren jarduera desberdinak egiten. Txipi platerak dastatu zituzten, jardunaldiei buruz hainbat informazio jasoz».