
Lau orduko lanuzteak goizeko eta arratsaldeko txandetan egingo dituzte. 11:00etatik 15:00etara egingo dute goizekoa, eta 15:00etatik 19:00etara arratsaldekoa. “Galdutako enplegua berreskuratzeko, lan karga onargarriekin behar egiteko, osasun zerbitzua hobetzeko eta soldatetan diskriminaziorik ez emateko” mobilizazioak direla esan du erizainak batzen dituen SATSE sindikatuak. Hala ere, mobilizazioak LAB, ELA, ESK, UGT, CCOO, SATSE eta medikuen sindikatuek (SME-FHH) deitu dituzte.
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek zerbitzua hobetzeko negoziaziorako borondatea berretsi dute. Diotenez, azken hiru urteetan 3.000 lanpostu galdu dira Osakidetzan, eta hilean-hilean 8.000 langile behin-behineko kontratuekin ari dira lanean. Osakidetzak, baina, 474 lanpostu baino ez ditu eskainiko, eta, sindikatuen arabera, “gizarte osoari burla egitea” da hori. Hala, Legebiltzarrak onartu duen enpleguari buruzko ez-legezko proposamenari kaso egitea eskatu diote Osakidetzari, eta negoziazio erreal bat has dezala.
Osakidetzako beharginen lan baldintzak salatu zituzten sindikatuek urriaren 24an Gernika-Lumoko ospitalaren aurrean, Oaakidetzako arduradunek eta Osasun sailburuak kirurjia zerbitzua inauguratu zutenean.