Egurrolaren atxiloketaren albistea
Guardia Zibilak 10:00ak pasata atxilotu dute Aritz Egurrola ondarrutarra, kalean. Lekukoen arabera, guardia zibilak Egurrolaren bila bere etxera joan dira, baina han ez dute aurkitu. Ondarroako atxilotuaz gain, beste hiru atxiloketa egin dira Bilbon (bi adingabekoak), bi Donostian eta bana Portugaleten, Gasteizen eta Iruñean. Horiez gain, beste lagun bat atxilotu dute. Oraindik ez da jakitera eman non izan diren azken atxiloketa horiek. Atxilotuak, batik bat, Twitter eta Facebook erabiltzaileak dira.
Ondarroako atxiloketaren harira, 19:30ean manifestazioa egingo dute gaur Ondarroan. Adierazpen askatasuna. Aritz askatu! lemapean Alamedatik irtengo dute herritarrek.
Apirilaren 28an martxan jarritako Armiarma operazioaren bigarren fasea gauzatzen ari da Guardia Zibila. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Gomez Bermudez epailea ari da zuzentzen operazioa. Sare sozialetan “terrorismoa goratu eta biktimetaz barre egitea” leporatuta, hainbat lagun atxilotzen ari da polizia. EFE berri agentziaren arabera, guztira hamar dira momentuz Euskal Herrian atxilotutakoak, baina oraindik ez dago datu zehatzik. Izan ere, polizia iturriek gehiago izatea aurreikusten dute.
Guardia Zibilak berri agentziei adierazi dienez, atxiloketak Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Asturiasen, Leonen eta Madrilen egingo dituztela aurreratu dute. Informazio iturri ezberdinen arabera, oraingo honetan, Guardia Zibila “terrorismo mota oro” goratzea egotzita ari omen da atxiloketak gauzatzen; ETA, Grapo, Al Qaeda edo Terra Lliure erakundeei ustez gorazarre egiteagatik, besteak beste.
Azken informazioen arabera, libre utzi dituzte Iruñean eta Gasteizen atxilotutako bi lagunak.
Aurreko Armiarma operazioan 21 lagun atxilotu zituzten, horietatik hamabost Euskal Herrian. Gaur egun, atzemandako hainbaten aurkako auzia artxibatuta dago.