Yolanda Arrieta Etxebarriko idazlearen gidaritzapean, herritarrek hiru hitzordu ezberdin edukiko dituzte. Gaur, liburuei ahalik eta probetxu handiena atarateko tailerra egongo da, 17:30ean.
Urtero egin modura, aurten ere Aulestiko udal liburutegiak bestelako eskaintza dakar azaroan. «Urtero egiten dugun modura, aurten ere zer edo zer berezia egin nahi genuen. Yolanda Arrietarekin kontaktuan jarri ginen eta proposamen ezberdinen artean hiru aukeratu genituen», azaldu du udal liburutegiko arduradunak. Hori bai, aurten, bi helburu nagusi finkatu dituztela argitu du: «herritar guztiei zuzendutako ekintzak nahi genituen eta bide horretatik, ekintzak parte hartzaileak izatea nahi genuen; ez izatea alde bakarrekoak».
Gaurkoan liburuekin jolastuko duten herritarrek. «Liburuei ahalik eta probetxu handiena nola atara azalduko die Arrietak. Hau da, liburuekin zenbat gauza egin ahal diren erakutsiko du idazleak». Lehenengo ekintza guraso, hezitzaile, zaintzaile eta oro har, umeei zuzenduta dago.
Urtero egin modura, Aulestiko udal liburutegiak bestelako eskaintza dakar azaroan; Yolanda Arrietaren gidaritzapean hiru ekintza egingo dituzte, gaur, hilaren 14an eta hilaren 22an
Hurrengo hitzordua hilaren 14an izango da. Kontu kontari izenburupean, asmakizun, aho korapilo, poesia, ipuin, olerki eta bestelakoak landuko dituzte. «Bigarren saioa 3 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago; txikiak guraso edo zaintzaileekin etortzea komeni da».
Idazteka sortzailea helburu. Azkenik, hilaren 22an, idazketa sortzailea izenagaz, azken saioa egingo da. Horretan irudimenari eta arkatzari tartea zabalduko diote parte hartzaileek. «Izenburu hori ipini badiogu ere, ez dugu esan nahi idazle izan nahi dutenek bakarri etorri behar direla. Guztiei zuzendutako saioa da eta bakoitzak ahal duena egitea da helburua», gaineratu du liburutegiko arduradunak.
Horrela ba, hiru ekintzekin, azaroa literatur ekintzez josiko du Aulestiko udal liburutegiak.