Bilboko Itsas Adarra Museoaren aurrean giza katea egin zuten Argazkia: Xabier Laka Antxustegi
Antxustegi sendiko kideez gain, hainbeste norbanako eta elkarte batu ziren zapatuan [azaroak 8]
Antxustegi egurrezko atuontziaren aurrean egindako elkarretaratzean. Guztiek, itsasontzi ondarrutarra Bilboko Itsas Adarra Museoko bildumatik ez kentzeko eskatu zuten.
Protesta ekitaldia hiru zatitan banatuta egin zuten. Lehenengo eta behin, Ondarroako hiru ikastetxeetako ikasleek egindako 400 marrazki inguru zintzilikatzen saiatu ziren
Antxustegi inguruetan. “Denak ezin izan genituen zintzilatu, denbora nahikoa ez genuen izan eta. Zintzilikatu ezin izan genituenak, elkarretaratzean batu ginenon artean banatu genituen. Adarrak jotzen hasi orduko, museorantz erakutsi genituen. Modu horretara, ondarea ere umeena dela irudikatu nahi izan genuen”, adierazi du Sabin Antxustegik, Antxustegiren aldeko plataformako kideak.
Gerokoan, komunikatua irakurri zuten euskaraz zein gazteleraz. Jon Antxustegi familiako kideak euskaraz irakurri zuen komunikatua eta BeƱat Ibaeta euskal bateleroen presidenteak gazteleraz.
Era sinboliko batean oihalez egindako 100 larrosa bota zituzten ‘Antxustegi’ albora, goizeko ekimenik hunkigarriena izan zen
Azkenik,
dike inguruan giza kate jendetsua egin zuten
Antxustegi eta han dauden beste itsasontzi guztiei babesa emanez. Giza katearen erdian
Antxustegi SOS itsas ondarea salbatu leloa zeraman pankarta jarri zuten. Bien bitartean, lore eskaintza berezia ere egin zuten. “Hortxe asko hunkitu zen jendea “, nabarmendu du Sabin Antxustegik. Oihalez egindako larrosak bota zituzten, barruan Saturrarango harri txiki bat zuten. “Ez genuen nahi loreak zimeltzerik nahi, denboran irautea nahi genuen gure itsasontziak bezala”. Era sinboliko batean 100 lore jaurti zituzten Antxustegi albora.