Arranondok ale berezia aurkeztuko du eguenean Kofradia Zaharrean
Hain zuzen ere, azaroko ale berezia aldizkariaren sortzaileari eskaini nahi izan diote. Aurten Augustin Zubikarai jaio zeneko 100 urte bete dira azaroaren 3an.
Arranondoren azken zenbaki honetan, ohiko idazleez gain, Zubikarai gertutik ezagutzeko aukera izan dutenek ere parte hartu dutela aurreratu dute aldizkaria egiten duten kideek. Honako hauek parte hartu dute aldizkarian: Josune Ariztondo, Argia Ituarte, Ana Madariaga, Josu Erkoreka, Andres Urrutia, Gorka Aulestia, Tomas Uribeetxebarria, Paul Atutxa, Julen Urkiza, Gotzon Lobera, Juan Manuel Etxebarria, Ana Urkiza, Joxemari Urteaga, Joseba Agirretxea, Edurne Urresti, Iker Badiola, Miren Urresti, Fco Javier Arrieta eta musika partitura moldatu duen Jabier Ituarte. “Eskertzekoa da benetan euren ahalegina eta gogoa. Denek ere Zubikarairen bizitzako gorabehera desberdinak datzartzate gogora. Literaturan ez eze, Bizkaiko batzarkide legez ere, asko eman zigulako”.
Aurkezpenean, besteak beste, Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputadua eta Andres Urrutia Euskaltzainburua egongo direla jakitera eman du Arranondo kultur elkarteak. Ariztondorekin eta Urrutiarekin batera aldizkari berezian parte hartu duten gainontzeko kolaboratzaileak ere aurkezpenean izango dira etzi [azaroak 13], 18:30etik aurrera, Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo den aurkezpenean.