Bilboko BBK aretoan aurkeztu zuten atzo Lekeitioko 37. Euskal Zine Bileraren egitaraua. Aurtengo 48 filmen artean 11 izango dira Lea-Artibaikoak eta bi Busturialdekoak. Lekeitiarren emaria, gainera asko handitu da, herritarrek zortzi lan aurkeztu dituzte lehiara.
Iazko modura, hasiera eta amaiera ekitaldiak izango ditu bilerak. Miren Gaztañaga, Gabriel Ocina eta Miren Gojenola aktore taldeak gidatuko dute hasiera ekitaldia. Gainera, urteko euskal ekoizpen esanguratsuena ekarriko dute Lekeitiora. Horrela, Loreak filma ikusi eta Jon Garaño zuzendariagaz eta Nagore Aranburu eta Itziar Ituño aktoreekin solasaldian jarduteko aukera egongo da.
Amaiera ekitaldian, berriz, Tessa Andonegi eta Eneko Gil batuko zaizkie Gaztañaga, Ocina eta Gojenolari, eta Euskal Zine Bilerakoek aurreratu dutenez, ikuskizun berezia prestatzen dabiltza sari banaketa egunerako. Aurten gainera, lehenengoz, saridunek berba batzuk esateko aukera izango dute oholtza gainean.
Ekitaldi amaieran ere, Nestor Basterretxearen senideei Euskal Zinearen Begirada ikurra eskainiko zaiela jakitera eman dute antolatzaileek. Izan ere, aurten sail bat gehitu diote zinemaldiari, euskal zinemagintzako sortzaile bat gertutik ezagutzeko, eta Euskal Zinearen Begirada deitu dioten atal horretako lehen begirada Nestor Basterretxeari zuzenduko zaio.
«Bere heriotzaren urtean, Nestor Basterretxea zinegile, eskultore eta margolaria omendu behar genuela argi ikusi genuen», nabarmendu dute Euskal Zine Bilerakoek. Beraz, azaroaren 27an, 19:00etan, Basterretxearen inguruko solasaldia egingo da Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Zuzendari Kontserbatzaileagaz eta Aitor Abaroa kazetari eta zinezaleagaz. Ondoren, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek 1968 urtean zuzendutako Ama Lur filma ikusi ahalko da. Ikurra, azaroaren 29an eskainiko diete senideei.
Berbaldia
Euskal Zine Bilera euskal zinemagintzaren bilgune izateko asmoagaz sortu zen 70. hamarkadan, eta aurtengo erronka bilera izaera hori indartzea izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. Helburu horregaz antolatu dute Euskal Gatazka Zinemagintzan izeneko hitzaldia eta Zinema ikusi eta ulertu. Nola? mahai ingurua ardatz izango dituen Lekeitioko Berbaldia.
«Mahai inguruan film bat bere osotasunean baloratzeko beharrezkoak diren erreferentzien inguruan arituko gara», azaldu dute antolatzaileek. Mikel Garcia Argiako kazetariak gidatuta, zinemagintza esparruan aritzen diren Begoña del Teso, Aitor Arregi eta Ane Muñozek hartuko dute parte. Bigarren hitzaldian, berriz, Josu Martinez ikerlaria izango da hizlaria.
Azaroaren 29an izango da Lekeitioko Berbaldia, 10:30ean hasita, Barandiaran Aretoan, eta jardunaldietako parte hartzea irekia dela azpimarratu dute.
Nagusiez gain, txikiak ere ez ditu albo batera lagako Euskal Zine Bilerak. Alderantziz, txikiek ere bere txokoa izango dute jaialdian. Halan, haur eta gazteen arteko zinezaletasuna suspertzea helburu, martitzen eta eguenetan, zine emanaldiak egongo dira herriko ikastetxeetako ikasleentzat. Midas Erregearen Altxorra eta Gartxot filmak ikusteko aukera izango dute ikasleek.
Apainduta
37. Euskal Zine Bileran, Lekeitio zinez jantzi nahi dute. Horretarako herriko dendari eta ostalari guztiei zuzendutako apaintze lehiaketa sortu du Lekeitioko Udalak.
Bi sari daude jokoan; bata, Klaketa Saria, dendariei zuzendutako 150 euroko saria, eta bestea, Bobina Saria, ostalariei zuzendutako 150 euroko saria.
Hiru epaimahaikide egongo dira: Kepa Arruza kultur zinegotzia, Euskal Zine Bilerako lantaldeko kide bat eta Lekeitioko artista bat. Zehaztu dutenez, zine eszenografia eta originaltasuna izango dituzte kontuan, eta gainera euskal zineari erreferentzia egiten dioten apainketak hobetsiko dira.
Izena emateko azken eguna bihar izango da, eta erakusketa aldia azaroaren 20tik 30era, zine bilera astea aprobetxatuz. Sari banaketa, azaroaren 29ako jardunaldietan egingo da, 12:00etan Barandiaran aretoan.
EGITARAUA EZB 14′