Azaroaren 30era arte egongo da zabalik 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egunero, domeka eta jai egunetan ezik.
Ume zein nagusientzako arropak batez ere, baina altzariak ere aurkitu daitezke Frai Bartolome kalean sarrera duen karmeldarren lokalean. Dendaren helburua krisi garai hauetan premia dutenei laguntzea dela azaldu dute Mundu Zabal gobernuz kanpoko erakundeko kideek, eta beraz, prezio merke merkeetan aurkitu daitezke produktuak, euro batean edo bitan esate baterako. Iaz ere zabaldu zuten denda, eta aurten ere beharrezko dela ikusi dute, kasu batzuetan premia areagotu egin bait da. “Dendara joateko dirurik ez duena hemen janzten da negurako”, nabarmendu dute.
Premia gehitu bada ere, elkartasuna ere bai. Dendan salgai dituzten bigarren eskuko arropa eta altzariak jendeak emandakoak dira, eta egunero ailegatzen dela gehiago eta gehiago azaldu dute Mundu Zabal elkartekoek. “Markina-Xemeingo jende askok lagundu digu, eta Barinagatik eta Berriatutik ere hainbat ekarri dizkigute”, zehaztu dute. Tapiz handi bat egin die herritar batek, eta nagusien egoitzakoek mantak.
Elkartasun denda
Azaroan bigarren eskuko denda egongo bada, abenduan, urtero modura elkartasun denda zabalduko du Mundu Zabalek. Abenduaren 3tik 31ra egongo da zabalik azaroko ordutegi berdinean. Elkartasun dendan gauza berriak egongo dira, baina prezioak merkeak izaten jarraituko dute.
Denda bietatik lortzen den dirua, aurten, Mundukide Fundazioa Mozanbiken bultzatzen dabilen sesamo landaketa proiektu batetara bideratuko du Markina-Xemeingo elkarteak. “Majune eskualdeko garapen sozio ekonomikoa bultzatzeko sesamoa sartzen dabiltza etekin labore bezala”, azaldu dute. Mundu Zabalek 50.000 eurogaz parte hartzen du ekintza horretan, eta bi urtetan ordainduko du.
Mundu Zabal aspalditik ari da Mundukide Fundazioagaz elkarlanean. Iaz herrialde berean ureztapen sistema bat ezartzeko proiektu bat lagundu zuten. “Mundukide Fundazioko bost boluntario ari dira lanean, eta oihana zena landaretza bihurtu dute. 24.880 pertsonari onura ekarri die ureztatze sistema berriak”, azaldu dute.