Garapen Planaren baitan ipini da martxan ekimena, eta lokal beharrean dauden ekintzaileei laguntzea da udalaren asmoa, “herriko merkataritzari bultzada bat” emanez.
Herrian alokatzeko edo saltzeko dauden lokalek ze ezaugarri dituzten, zein egoeratan dauden eta ze erabileretarako egokiak izan daitezkeen ikusiko da. Horretarako, besteak beste, honako datuak jasoko dituzte: ze motatako lokalak diren, non dauden eta ze azpiegitura edo baliabide dituzten. Marta Amonarriz Garapen Planaren koordinatzaileak azaldu duenez, “datu base bat sortu nahi dugu enpresa ideiaren bat martxan jarri nahi duen ekintzaileari bidea errazteko. Datu base horri esker, ekintzaileak aukeran ze lokal dituen jakingo luke, eta berarentzat egokia zein den aukeratu”.
Lokalen informazio osatua duen datu basea sortzeaz gain, azterketak herrian dauden hutsuneak ere agerian utziko ditu
Lokalen informazio osatua duen datu basea sortzeaz gain, azterketak herrian dauden hutsuneak ere agerian utziko ditu. “Lokal hutsei ez ezik, martxan dauden negoziei ere erreparatuko diegu. Modu horretan, herrian ze negozio dauden jakingo dugu, eta hortik ze hutsune edo behar dauden ikusteko gai izango gara. Informazio hori ere baliagarria izango da negozioren bat jarri nahian dabilen ekintzailearentzat”.
Azterketa aurrera eramateko, Ikei izeneko enpresa kontratatu du azterketa egiteko, eta enpresa horretako teknikariak izango dira lokalen jabeekin kontaktuan jarriko direnak. “Hala ere, lokal hutsak dituzten jabeak, nahi izanez gero, zuzenean turismo bulegoarekin kontaktuan jartzea ere badaukate. Batera zein bestera, herriarentzako onuragarriak izango diren lankidetzak sortzen joatea da asmoa”.