Hondakinak nahastuta botatzea lehenbailehen aldatu beharreko ohitura dela jakitera eman zuen Palenzuelak, eta hondakin bakoitza dagokion lekura botatzen ikasi beharra dagoela. “Lan txiki hori hartzeak gutako bakoitzaren ardura izan behar du, eta horretan guztiok ikasi eta hobetu behar dugu. Prozesuaren hasieratik horren bila ari gara guztiok”.
Helburu horiek guztiak herritarren artean era demokratiko batean erabakitzea nahi du Mutrikuko udalak. Hori dela eta, azaroaren 30ean, galdera bakarra planteatu zaie mutrikuarrei: “Zein hondakin bilketa nahiagu duzu Mutrikurako?”. Galdera Mutrikuko Hondakin Batzordeak planteatu du. Galde hori erantzuteko aukerak adosteko, herritarren parte hartze prozesutik ateratako datuak eta ondorioak izan ditu oinarri.
Herritarrek planteatutako galderari erantzuteko bi aukera izango dituzte. A aukeran edukiontzien bidezko bilketa sistema egingo da. Besteak beste, papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira, orain arte bezala, edukiontzietan bilduko dira. Organiko eta errefusa berriz, edukiontzien txip batekin kontrolatuko dira.
B aukeran, aldiz, bilketa sistema mistoa egingo da. %75 inguruko sailkatze-tasa eskaintzen du, eta papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira, orain arte bezala, edukiontzietan bilduko dira. Organikoa eta errefusa, berriz, familia bakoitzari banatuko zaizkio kubo pertsonalizatuetan aterako dira. B aukerako neurri berezien artean, errefusa astean behin aterako da eta pixoihalak eta konpresak astean 4 egunetan, hurrenez hurren.
Udalak aurreratu duenez bozkatzeko bi bide egongo dira. Azaroaren 30ean, 09:00etatik 20:00etara Zabiel Kultur etxean botoa emateko aukera izango dute herritarrek. Bestalde, egun horretan botoa ematerik ez dutenek, azaroaren 24tik 28ra, udaletxean bozkatzeko aukera ere edukiko dute 10:00etatik 15:00etara. Identifikazio agiriren bat aurkeztea nahikoa izango da botoa emateko.Herri galdeketan Mutrikun erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute (2014ko urriaren 1a baino lehen erroldatutakoak eta 2014ko azaroaren 30a baino lehen 16 urte eginak dituztenak).
Herri galdeketan parte hartzeko eta herritarrek bozka emateko herritarrak “egoki informatua” edukitzea ezinbestea dela azpimarratu zuen Arkaitz Martinez de Albeniz Aztikerreko kideak. “Hori dela eta, zenbait bitarteko jarri ditugu mutrikuarren esku. Alde batetik, prozesuaren informazioa ikusgai egongo da
udaletxearen webgunean. Bestalde, bihartik aurrera, Mutrikuko etxe guztietara galdeketari buruz gaur hemen esan den informazio guztia helaraziko diegu. Jasoko duten informazio txostenean, egoeraren kokapena, galdera eta aukera eta herri galdeketan parte hartzeko bideak azalduko dizkiegu”.
Azaroaren 30eko galdeketaren inguruko informazioa partekatzeko eta zalantzak argitzeko hiru saio antolatu ditu udalak.
- Azaroaren 18, 18:30ean, frontoian. Herritarrei zuzendutako bilera.
- Azaroaren 19, 19:00etan, Galdonan. Landa eremuan bizi diren herritarren zuzendutako bilera.
- Azaroaren 20, 15:00etan, Zabiel Kultur Etxean. Hondakin sortzaile bereziei zuzendutako bilera.