Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiak emandako epaia goizean jakinarazi die abokatuak bost auzipetuei: urtebeteko kartzela zigorra eta isun ekonomikoa.
Erlantz Alkorta ondarrutarrak baieztatu egin du berria. “Lehen bi urteko kartzela zigorra eta 2.800 euro inguruko isuna eskatzen zidaten; orain isun hori 1.700 euro ingurura jaitsi didate”. Alkortak hasiera baten ezarritako isuna ordainduta duenez, printzipioz, 1.100 euro inguru bueltan eman behar diote ondarrutarrari. “Sententzia oraindik ez da behin betikoa, beraz, behin betikoa izaten denean itzuliko didate dirua, ustez”, gaineratu du Alkortak.
Ander Malaxetxebarria Munitibarko bizilagunak ere Alkortak esandakoa berretsi dio HITZAri. “Urtebeteko kartzela zigorra eta zigor ekonomikoa ezarri didate”.
Bost auziperatuek (Erlantz Alkorta –Ondarroa–, Ander Malaxetxebarria–Munitibar–, Beñat Apalategi, Breogan Fernandez eta Joseba Berastegi) ez dute kartzelara joan beharko ez zeukatelako aurrekaririk, baina ehunka euroko isuna ordaindu beharko diete agenteei, “eragindako lesioengatik”.
Abokatuak bost auzipetuei banan bana jakitera eman die epaia. Bide beretik, abokatuak epai horren aurkako
errekurtsoa aurkezteko proposamena egin die auzipetuei. Alkortak, esaterako, baiezkoa eman dio.
Auzipetuek beren defentsan erabilitako bideoak ez ditu aintzat hartu epaileak.
Ondarroako Zubi Harresia 2013ko maiatzaren 10etik 15era egin zen, Urtza Alkortaren atxiloketa saihesteko.