Amets Txurruka eta Txomin Arana Josu Anitua aurkezleagaz Uhagoneko hitzaldian.
Urtero modura ekitaldi berezia prestatu zion bere lagunarteak Etxebarriko txirrindulariari, denboraldiari amaiera emateko, eta ekimenak erantzun handia izan zuen. Ume eta gaztetxoen mendi bizikleta zirkuituagaz hasi zen zapatu arratsaldeko ospakizuna, eta sari banaketagaz amaitu.
Adinaren arabera hiru taldetan banatuta 30 ume inguruk hartu zuten parte Etxebarriko mendi bizikleta zirkuituan. Iru Bide aurreko landan prestatu zuen Amets Txurruka Lagunartiek zirkuitua, eta Txurruka alboan zutela egin zuten ibilbidea gaztetxoek.
Ondoren, Amets Txurruka eta Txomin Arana moto gidariaren arteko dueloa espero zuten ikusleek, baina, gonbidatu bereziak zituen Txurrukaren lagunarteak: Igor Astarloa txirrindularia eta Jabi Gorbea txirrindularitza irakasle eta zalea. Gorbeak, bizikletaz egin zuen zirkuitua, Astarloak, berriz, motorrean.
Txurrukak eta Aranak hartu zuten gero txanda, eta estu ibili ziren norgehiagokan. Lehenengo bueltan Txurruka ibili zen aurretik, baina beste biak Aranak amaitu zituen lehenengo. Beraz, azkenean, Txomin Aranak irabazi zuen zirkuituko dueloa.
Etxebarrikoa ez zen baina, izan, kirolari bientzat lagunarteak prestatuta zeukan norgehiagoka bakarra. Jantziak aldatu ostean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean elkartu ziren kirolari biak Txurrukaren lagun, jarraitzaile eta txirrindu zaleekin, eta euren aurrean ere egin behar izan zuten lehia nahikoa.
Hitzaldia
Kulturguneko tabernako aretoa bete-bete egin zen, CHandal Records-en laguntzagaz Lagunarteak prest zeukan ekitaldia ikusteko.
Txirrindularitzari lotutako umorez jositako bideoagaz hasi zen ekitaldia, eta ondoren, igo ziren oholtzara protagonistak. Gonbidatua izanik, Txomin Aranaren aurkezpena egin zuten lehenengo, joan den urtean EreƱoko gazteak Dakarren izandako esperientziari buruzko bideo ikusgarri bategaz lagunduta. Abenduan hasiko duen Dakar berriari buruzko galderak egin zizkion ondoren Josu Anitua Atote ekitaldiaren gidariak. Gutxienez lehenengo urtean bezala ibiltzea eta Dakarra amaitzea zuela helburu esan zuen ekitaldian Txomin Aranak.
Atrilen atzean jarri zituzten gero, Txurruka eta Arana, galdera-erantzun lehiaketa batean parte hartzeko. Txurrukaren omenaldira ligatzera joan zela esatera ez zen ausartu Txomin Arana, eta beraz, berdinduta amaitu zuten bigarren norgehiagoka.
Protagonista nagusiaren txanda ailegatu zen ostean. Txurrukak aurten irabazi duen lasterketari buruzko bideo bat jarri zuten, baina Mikel Txurrukarena, ekitaldi osoko umoreagaz jarraituz, eta ondoren bai, Amets Txurrukaren denboraldiaren errepasoa egin zuten. Azkenerantz aurtengo denboraldiari itxura eman diola adierazi zuen Caja Ruraleko txirrindulariak Frantziako Gevaudan itzuliko garaipena gogoan. Euskal Herriko Itzulia Markina-Xemeindik igarota hobeto aritzeea zuela asmoa ere azaldu zuen Txurrukak, baina aurreko egunetan gaixorik egon izanak ez ziola berak nahi zuen modura ibiltzeko aukerarik utzi.
Espazio ontziak apurtzen ibili ziren gero, Txurruka eta Arana, azken puntuak lortzeko, eta erruletan aukeratu behar izan zituzten ezuzteko opariak. Txokolate tablet bat, Sabino Angoitiagaz txirrindularitza ikastaroa eta Igor Astarloagaz gau bat izan ziren sarietako batzuk.
Ekitaldia amaitzeko, Amets Txurruka Lagunartearen oroigarria eman zioten Txomin Aranari eta bere kamiseta oparitu zion Aranak Txurrukari.