Abaroa Berrirako proiektua aurkeztuko dute bihar Lekeition
125 urte itxita egon den gunea herritarren eskura jartzeko asmoz, ohiko prozesu parte hartzailetik haratago doan ikerketa ekintza parte hartzaile bat jarri zuen martxan Lekeitioko Udalak Hiritik at elkartearen bitartez. Helburua Abaroa Gunearen etorkizuna erabakitzeko herritar asanblada bat sortzea izan dute.
Horrela, irailetik azarora bitartean hainbat herritar, kultur talde, kirol talde eta eragile sozial batzartu dira astero-astero Abaroa Gunearen etorkizuna marrazteko. Asanblada horietan, Abaroa Gunearen funtzioa, erabilera, gestio eredua eta finantziazioa egiteko moduak diseinatu dituzte. Galdera asko jarri dituzte mahai gainean, eta guztien artean adostasunak bilatzea izan dute helburu.
Lan guzti horren emaitza bihar emango dute jakitera, 20:00etan hasiko den aurkezpenean. Hala ere, lan horretatik ateratako ondorio nagusiak Abaroa Gunea kultura eta sorkuntzarako espazioa izatea, motore ekonomikoa izatea eta autogestionatua izatea direla aurreratu dute.
Egindako lanaz eta adostutako ondorioetaz ahalik eta herritar gehien informatzea ezinbestekoa iruditzen zaio udalari, eta beraz, aurkezpenera joatera animatu ditu herritarrak. “Abaroa Biztu! prozesua hasi besterik ez da egin. Ilusioz eta gozgoz beteriko bidea dugu gure aurrean”, adierazi dute.
Lorategia zabalik
Eraikinaren etorkizuna erabakitzear badago ere, lorategia zabalik dago udatik, herritar batzuen auzolanari esker. Bigarren pausua gune osoaren proiektua finkatu eta egonkortzea izango dute, eta horretarako egin dituzte astero-astero asanbladak.