Bilgune Feministak antolatuta, Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak egingo dira datorren abenduaren 13an Ondarroan.
Aurkezpean, Idoia Trenor Zulaika Bilgune Feministako kideak adierazi modura, lehenengo topaketa Leitzan egin zen 2002. urtean, eta orduz geroztik bi urtetik behin hainbat tokitan egin dira topaketak. Orain dela bi urte, esate baterako, 10. urteurren jaian, Leitzan 700 pertsona batu ziren topaketetan. Ondarroan 400 pertsona inguru batzea espero dute.
Bizkaian hainbat tokitan bila ibili ostean, Ondarroa aukeratu dute. Herri txikien aldeko apustua egin dute Bilgune Feministakoek. 400 bat emakume biltzeko Kalare Deuna Kofradia toki egokia iruditu zaie
Topaketak Nafarroan eta Gipuzkoan egin ostean, Bizkaian topaketak egiteko garaia heldu zela nabarmendu zuen Trenorrek aurkezpenean. Bizkaian hainbat herriren artean bila ibili ziren, eta Ondarroako Kalare Deuna Kofradia 400 bat emakume bertan bildu zezakeen toki egokia iruditu zitzaien. Horrez gain, Bilgune Feministak herri txikien aldeko apustua nahi izaten duela azpimarratu zuten bai Trenorrek eta baita Iraolak, “indar erakustaldi bat delako”.

Idoia Trenor Zulaika eta Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kideak
Leitzako topaketak egin zirenez geroztik, jendartean aldaketak eman direla azpimarratu zuen Saioa Iraolak. “Krisi ekonomiko honetan eredu eta ziklo aldaketa bat eman dira. Goazen konpartitzera eta hitz egitera nola dagoen emakumeen egoera Euskal Herrian eta eremu ezberdinetan. Era berean, goazen aztertzera egoera hori nola bizitzen ari garen”. Azkenaldian feminismoan ere aldaketak eman direla aipatu zuen Iraolak.
Feminismoa arlo eta ikuspuntu guztietatik landuko dute topaketek. Goizean, lantaldetan landuko dira gaiak, eta arratsaldean, ostera, aditu ezberdinek parte hartuko duten mahainguru bat egingo da
Feminismoa arlo eta ikuspuntu guztietatik landuko dute topaketek. Goizean, lantaldetan landuko dira gaiak.
Topaketaren Blogean aurretik landuko diren gaiak bertan aurki daitezkela aipatu zuten Bilgune Feministako kideek. Arratsaldean, berriz, aditu ezberdinek parte hartuko duten mahainguru bat egingo da, eta eguna Festa Feministagaz amaituko dute.
Dagoeneko, izena emateko epea zabalik dago
Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministen blogean bertan. Topaketetan parte hartu nahi duenak hantxe eman beharko du izena. Behar izanez gero, lotarako lekua eta haurrentzako gunea ere egongo direla gogorarazi dute. Hori guztia izena emateko orrian adierazi beharko da.
EGITARAUA
- 09:00. Sarrera, Kalare Deuna Kofradian.
- 10:00. Ongietorria eta eztabaidaren aurkezpena.
- 10:30. Kapitalismo heteropatriarkala Euskal Herrian. Zeintzuk dira aldaketa feministarako gakoak? (landaldeetan eztabaidagai).
- 13:00 Ondorioak josiz, Zaldupe kiroldegian.
- 14:00. Bazkaria, Zaldupe kiroldegian.
- 16:00. Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k). Mahaiaren bueltan, Kalare Deuna Kofradian. Bertan izango dira: Idurre Eskisabel kazetaria, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Josebe Iturrioz Plazandreok Emakumeen Plataformako kidea, Jule Goikoetxea politologa eta Saioa Iraola Bilgune Feministako kidea.
- 20:00. Eguneko ondorioen kontakleta eta ekitaldi irekia, Beikozinin. Hainbat gairi buruzko ekarpenak emango dituzte bateko eta besteko adituek.
- 22:00. Jostorratzak dantzan! Festa Feminista! Euskabareta, Endemaño DJ Gure Besta eta Las marines, Beikozinin.