Abenduaren 3an danborrada egingo da Ondarroan Euskararen Nazioarteko egunaren harira
Zaldupeko Hondar Ahua guraso-elkarteak AEKren eta Ondarroako Udalaren laguntzaz antolatu du danborrada. Ekintza horretarako herritar guztiei luzatu die gonbidapena. Azaroaren 26a aurretik eman beharko da izena Kurike, Kitxu eta Brontxe dendetan.
Entseguak azaroaren 26an, 27an eta abenduaren 1ean eta 2an egingo dira Zaldupe ikastetxeko jolastokian. Antolatzaileek aurreratu dutenez, bi saio egingo dira: bata, 17:00etatik 17:45era, eta, bestea, 17:45etik 18:30era.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, 18:00etan hasiko da danborrada. Zaldupetik Itsasaurreko plazara bitarteko ibilbidea egingo dute herritarrek. Hondar Ahua guraso elkarteak danborradari kutsu berezia eman nahi izan dio eta horretarako, danbor hotsari “Guk euskaraz, zuk zergaitik ez” doinua ezarri die.