28. Desanexio Txapelketa, IV. Luis Bilbao Memoriala erabakita geratuko da domekan. 16:30ean hasiko dira partiduak Berriatuko umeen erakustaldi bategaz, eta ondoren jokatuko dira lau mailatako finalak: txiki-kadete, gazte, 22 azpiko eta elite mailetakoak. Arrasate eta Lekoixe IIa eta Saizar eta Nahiak jokatuko dute txikien partidua.
Gaur jakingo dira, azkenik, nortzuk diren finalean egongo diren pilotariak. Atzo iluntzean jokatu ziren nagusien finalaurrekoak, eta gaur jokatuko dituzte txiki-kadete mailakoek eta gazte mailakoek azkenak.
Goitia III eta Lekoixe I, txiki-kadete mailako finalerako sailkatuta daude jadanik, baina euren aurkariak gaur erabakiko dira. Urko eta Urrutxua edo Olabarria eta Danel egongo dira domekan finalean. Gaurko partiduaren garaileek lortuko dute txapela lortzeko azken norgehiagoka jokatzea.
Gazteen mailan dena erabakitzeko dago. Bi finalaurreko jokatuko dituzte gaur. Alde batetik Gotzon eta Unax eta Goixerri eta Segurola neurtuko dira. Bestalde, Goitia II eta Collazo bikotea Mandiola eta Jon-en aurka ariko da. Partidu bakoitzeko garaileak finalean izango dute lekua, beraz, partidu erabakiorrak izango dira gaurkoak, gazteentzat.
Nagusiak
Eguaztenean lortu zuten Roke eta Txominek 22 azpikoen mailako finalerako sailkatzea. Beste finalistak, berriz, atzo izan zuten partidu erabakiorra. Gaizka eta Ibarluzeak eta Martin eta Aitzolek jokatu zuten atzo iluntzean finalaurrekoa.
Elite mailako finalaurrekoak ere atzo jokatu ziren. Aimar eta Zabala eta Lekue eta Arriola lehiatu ziren alde batetik, eta Antzon eta Felix eta Landa eta Suso bestetik. Lau bikote horietako bi ikusiko dira aurrez aurre Berriatuko kantxan, domekan.
Txiki-kadete, gazte, nagusi eta 22 azpikoen mailetako 27 bikotek jokatu dute aurten Berriatuko 28. Desanexio Txapelketa, IV. Luis Bilbao Memoriala. Urriaren erdian hasi ziren jokoan Berriatuko, Markina-Xemeingo, Gernika-Lumoko eta Mutrikuko 54 pilotariak, eta azaroaren 22ko finalera arte desanesioko txapela lortzeko lehian aritu dira astero-astero.
Nagusien mailako zortzi bikotek hartu dute parte aurtengo norgehiagokan, gazte mailan, sei talde aritu dira, 22 azpikoetan zortzi bikote eta kadete mailan bost.
Partidu dotoreak ikusteko aukera izan dute zesta-punta zaleek azken asteetan. Pilotariek maila ona eta finalean egoteko gogoa erakutsi dute, eta beraz, domeka arratsaldean Mendibarren frontoian ikusi ahalko diren partiduak lehiatuak izango direla aurreikusi daiteke.