Iaz 50 bat lagunek parte hartu zuten kros herrikoian
Berriatuko Udalak antolatuta, Errege bideko bigarren Berritxu Krosa egingo da domekan. Herriko Urepel kirol taldeak ekimena prestatzen lagundu du.
Izen ematea domekan bertan izango dela aurreratu du Joseba Goienola Urepel kirol taldeko kideak. Izen ematea udaletxe aurreko plazan egingo da, 09:30etik 10:00etara. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, parte hartzea doanekoa izango da. Izena eman ostean, krosean parte hartuko duten kirolariek, frontoi ingurutik, autobusa hartuko dute Ondarroa aldera, 10:15ean. Izan ere, lasterketak handik irtengo du. Zehatz esanda, Zaldupe kiroldegiko zubi ingurutik irtengo du.
Antolatzaileek azaldu duten modura, uda erdian estreinatu zuten errege bide berritik zehar igaroko da nagusien krosa, besteak beste. «Gerokoan Berriatuan zehar beste bira bat ere eman beharko dute ibilbidea burutzeko». Zazpi kilometroko lasterketa luzean parte hartzen duten kideek Zaldupetik 11:00etan irtengo dute. Handik, Errenteria auzorantz eta Aranzubia dorretxearen aurretik igaroko dira, besteak beste. 14 urtetik beherakoek, ostera, hiru kilometroko lasterketa egiteko aukera izango dute. Gazteenek, Aranzibia dorretxearen aurretik 11:00etan irtengo dute , nagusien ordu berean.
Helmugaratzen diren lehen biek bertoko produktuez osaturiko otzara bat jasoko dute sari legez. Ibilbidea amaitzen denean, luntx berezia egingo dute parte hartzen duten guztien artean. Eskualdeko kirolari denei domekan Ondarroatik Berriatura korrika egiteko deia luzatu diete Urepel kirol taldeko eta Berriatuko Udaleko kideek.